Indarkeria matxista

Urruntze agindua urratzeagatik gizon bat espetxeratu dute Iruñean

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Iruñeko Auzitegiko epaile baten aginduz, genero indarkeriagatik kondenatutako gizon bat espetxeratu dute, urruntze agindua eta komunikatzeko debekua urratzea leporatuta.

Iruñeko Justizia Jauregia. IDOIA ZABALETA / FOKU
inaut matauko rada
2022ko ekainaren 14a
14:25
Entzun

Iruñeko auzitegi bateko epaileak bermerik gabeko behin-behineko espetxeratze komunikatua ezarri dio gizon bati, bikotekide ohiarekin zuen urruntze agindua eta komunikazio debekua urratzea leporatuta. «Biktima babesteko beste neurririk» ez dagoela dio epaileak, eta horregatik hartu du gizona behin-behinean espetxeratzeko erabakia. Nahiz eta inputatuaren abokatuak hura behin-behinean aske uzteko eskatu duen, kartzelan egongo da epaiketa egin arte; esan du aske geratzen bada berriro hautsiko duela urruntze neurria.

Epaileak adierazitakoaren arabera, gizona genero indarkeriagatik kondenatu zuten duela hilabete inguru, eta, ordutik, gutxienez bi aldiz salatu dute urruntze agindua eta komunikatzeko debekua urratzeagatik. Atestatuaren arabera, bi aldi horietako batean inputatua emakumearengana hurbildu zen, eta lepotik heldu zion. Hori dela eta, epaileak dio ezarritako zigorra ez dela «nahikoa izan biktima babesteko».

Inputatuak aitortu du behin baino gehiagotan urratu dituela urruntze agindua eta komunikatzeko debekua, eta gehitu du emakumearen sakelakoaren kokalekurako sarbidea duela, haren baimenik gabe. Horregatik, epailearentzat, «ez dago delitua berriro egitea eragotz dezakeen neurri lausoagorik», eta gizona kartzelan sartzeko erabakia berretsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.