Polizia indarkeria

Realzaleen aurkako erasoa «legezkoa» eta «progresiboa» izan zela erantzun du Madrilek

Vila-realen maiatzean gertaturikoengatik azalpenak eskatu zizkion EH BIlduk Espainiako Gobernuari, besteak beste poliziek botatako «irain euskalfoboen» harira.

Polizia, realzaleen aurka jotzen, inguruko biztanleek harturiko bideoan. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2022ko ekainaren 14a
16:38
Entzun

Maiatzaren 15ean, Espainiako Poliziak gogor jo zuen Vila-real (Herrialde Katalanak) hiri horretako futbol taldearen eta Realaren arteko partida ikustera joandako realzale talde baten aurka. EH Bildu alderdiak azalpenak eskatu zizkion Espainiako Gobernuari, eta gaur zabaldu dute Madrilen erantzuna: Espainiako Gobernuaren arabera, Poliziak «egoki» jokatu zuen legearen eta bere arauen arabera, eta «progresiboki» erabili zuen indarra.

Hainbat realzale zauritu zituzten, eta horietako batzuk ospitalera eraman behar izan zituzten.

Realzaleek kontatu zutenez, Bultzada taldeko kideak eta senideak, haurrak tartean, taberna baten kanpoaldean zeuden, partida hasi baino ordu batzuk lehenago. Espainiako Poliziak inguratu egin zituen, eta, azalpenak eskatu zituztenean, agenteak irainka oldartu zitzaizkien. Adierazi zutenez, polizia batek hau esan zien: «Euskaldun putak, orain ez duzue hainbeste potrorik».

Realak berak ere gaitzetsi egin zuen Espainiako Poliziaren jokabidea.

Hiru egun geroago, Jon Iñarritu EH Bilduren Kongresuko diputatuak galdera sorta bat egin zion Espainiako Gobernuari, azalpen eske. Besteak beste, oldarraldia egiteko arrazoiez galdetu zuen, ikerketa egin ote den, eta irain euskalfoboengatik neurriak hartuko ote zituen.

Atzoko data duen erantzunean, ordea, Espainiako Gobernuak esan zuen realzaleek «gorrotoa eta indarkeria bultzatzeko lelo iraingarriak» oihukatu zituztela, eta «bengalak, ke potoak eta bestelakoak botatzen hasi» zirela urrun zeuden agenteen aurka. Lekukoek grabaturiko bideoetan ez da bengala edo ke potoen arrastorik ikusten. Poliziak «esku hartu behar izan zuen hiriko segurtasuna berriz ezartzeko, legearen eta arauen araberako esku hartzea eginez». «Indarra progresiboki» erabili zuela gaineratu du Espainiako Gobernuak.

«Muturreko indarkeriazaleen talde bat» kalteak eta mina egiteko asmoz aritu zela argudiatu du.

Iñarrituk berak gaur salatu duenez, «Espainiako Gobernuaren bertsioa ez dator bat» irudiekin eta lekukotasunekin, eta iragarri du Fernando Grande Marlaska Barne ministroaren agerraldia eskatu duela afera argitzeko.

Hamar isun proposamen egin zituztela zehazten du erantzunak, kirolean indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantzia erabiltzearen aurkako legeari jarraikiz, eta bost pertsona atxilotu zituztela, desordena publikoak, agintearen agenteen aurkako erasoa, erresistentzia eta desobedientzia leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.