Kontu publikoak

Aurrekontu «hedakorra» agindu du Jaurlaritzak, baina gastu finkoak puztu gabe

Zerga bilketa %7 handitzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina horren zati bat inflazio handiari lotuta dagoela ohartarazi du Azpiazuk.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 14a
16:57
Entzun

Handitu bai, baina puztu ez. Horrela laburbildu daiteke Eusko Jaurlaritzak datorren urterako aurrekontuei begira duen asmoa. Aurrekontu «hedakor» baten bidez, gastu publikoa handituko du, beharrezkoa ikusten duelako «gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa» egiteko eta sare ekonomikoa modernizatzeko; baina, aldi berean, «kontu publiko sanoak» nahi ditu. Beste hitz batzuetan azalduta, aurreko urteetan baino diru gehiago gastatuko duela, baina ez duela zerga bilketatik datorkion diru guztia gastatzeko asmorik, horren zati handi bat inflazio handiaren ondorio delako —BEZaren bidez bildutakoa handitzen du—, eta etorri den bezala joango delako.

2023. urteko aurrekontuak prestatzeko lehen urratsa egin du Eusko Jaurlaritzak, kontu horien irizpide nagusiak onartu baititu gaurko bileran. Bigarren urratsa aste batzuk barru etorriko da, aurrekontuen oinarri izango den koadro makroekonomikoa berritzen duenean.

Baikorra da oraingoa, ezin baita bestela definitu BPG barne produktu gordina %4,5 handituko dela esatea Ukrainako gerraren eta energia krisiaren testuinguruan. Kopuru hori berrikusi zuen martxoan —%6,7 zen ordura arte—, eta gehiago alda daitekeela onartu du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Edonola ere, sailburuak ziurtatu du iristen diren datuek ez dutela erakusten ekonomia asko moteltzen ari denik. Iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %5,6 hazi zen, eta %5,7ko erritmoan hazi da urteko lehen hiruhilekoan.

Zergetan, 5.887 milioi

Hazkunde ekonomikoari esker handitzen ari da zerga bilketa, eta ez gutxi. Gaur zabaldutako datuen arabera, urteko lehen bost hilabeteetan 5.887 milioi euro bildu dituzte foru ogasunek, iaz tarte horretan baino 390 milioi gehiago (+%7,1). Bilketa %11,9 handitu da Araban, eta %11,3 Gipuzkoan; gutxiago Bizkaian (+%4,2), baina kontuan hartu behar da iaz lurralde horrek aparteko diru sarrera bat izan zuela, Espainiako Ogasunarekin zuen desadostasun bat bere alde konpondu zelako.

BEZa izan da bilketa handiagoaren motor nagusia —%23,9 handitu da Gipuzkoan, %8,2 Bizkaian, eta %7,2 Araban—, eta horretan datza aurrekontuak egiteko gakoetako bat. Izan ere, inflazioaren ondorioz produktuen eta zerbitzuen prezioak igo ahala igotzen da haiei ezartzen zaien BEZa, eta horrek ogasunen kutxak gizentzen ditu. Baina, iragarri bezala, inflazioa hurrengo hilabeteetan apaltzen hasten bada, halaber apaldu beharko luke BEZaren bidez bildutakoak ere.

Horregatik, zuhurtzia eskatu du Azpiazuk: «Diru sarrera publikoen zenbakiak itxuraldatzen ari diren elementuak ezin dira oinarri gisa erabili gastu publikoa handitzeko. Kudeaketa publikoan ausarkeriaz jokatzea izango litzateke». Hau da, zerga bilketa handiagoaren zati bat ezin dela erabili egiturazko gastua edo gastu finkoa handitzeko, diru sarrera horiek falta daitezkeelako hurrengo urteetan. Gauzak horrela, gastu publikoaren handitzea jarduera ekonomikoaren hazkundearekin lotuta egongo dela azaldu du Ekonomia sailburuak.

Gerrikoa noiz estutu?

Ukrainako gerra dela eta, Europako Batzordeak 2024rako utzi du Egonkortasun Ituna berriz ezartzeko data, eta horrek beste urtebete eman die EBko kideei beren kontu publikoak txukuntzen hasteko. Ikusteko dago, ordea, zer erabaki hartuko duen Espainiako Gobernuak bere menpeko administrazioekin, eta zer defizit eta zor muga jarriko dizkien. Edonola izanda ere, Azpiazuk nabarmendu du Jaurlaritza «finantza jasangarritasunaren alde» egingo duela. Azken urteetan gastatu gabeko ia 1.800 milioi zituen Jaurlaritzak bere kutxetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.