Lan osasuna

Basoko langile bat hil da Idiazabalen

Pinu bat gainera erori zaio, Urtsuaran auzoan.

Muxikako pinudi batean iaz izandako istripu hilgarria salatzeko protesta. ANE MARURI ARANSOLO - BUSTURIALDEKO HITZA
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 14a
19:38
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, istripua 11:00etan gertatu da, Idiazabalgo Urtsuaran auzoko pinudi batean (Gipuzkoa). Langilea enborrak garraiatzeko makina batean zegoela, pinu bat gainera erori zaio, eta kolpearen ondorioz hil da. 49 urte zituen.

LABen zenbaketaren arabera, aurten lanean zegoela hildako 38. langilea da Idiazabalgoa. Aurrekoa atzo bertan hil zela dio sindikatuak, Tuteran, in itinere. J.A.B.B. zuen izena, eta 26 urte zituen.

Basogintzan aritzen diren langileen artean, istripu ugari izan ohi dira, eta sindikatuek salatu izan dute lanaren beraren arriskuarengatik ez ezik arlo horretan ari diren langile batzuen esperientzia faltarengatik ere badela.

Aurten, Euskal Herrian ez da inor hil sektore horretako istripuetan, baina 2021. urtea bereziki beltza izan zen, sei langile hil baitziren, betiere LABen zenbaketaren arabera.

Urtarrilean, Ezkio-Itsason (Gipuzkoa), Basalan Arrospide enpresako 54 urteko langile bati adar bat gainera erori zitzaion baso lanetan ari zela.

Otsailean, berriz, zuhaitz bat gainera erori zitzaion Construcciones Arrankudiagako 51 urteko langile bati, Ugaon (Bizkaia).

Uztailean, Muxikan (Bizkaia) baso lanetan ari zen 27 urteko gazte bati makina irauli egin zitzaion, eta hamabost metroko garaiera batetik erori zen. Biarritz CO2 azpikontratutako enpresako langilea zen.

Bizkaian beste bi istripu izan ziren: abuztuan, Karrantzan, 45 urteko Forestal Jocamarreko langile bati zuhaitz bat gainera erori zitzaion, eta pinu batek Maderas Saratxagako 40 urteko M.C.C. langilea jo zuen, Markinan.

Irailean ere izan zen istripu bat, Zanbranan (Araba): Contrachapados Archenako 38 urteko behargin bat hil zen, baso lanetan ari zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.