Albistea entzun

Erresuma Batua

Londresek esan du beste hegaldi bat prestatzen ari dela asilo eskatzaileak Ruandara deportatzeko

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bertan behera utzi du Erresuma Batutik ateratzekoa zen lehen bidaia. Priti Patel Barne ministroak erantzun du «oraindik ere konprometituta» daudela plan horrekin.

Erresuma Batuko Gobernuaren deportazio planaren kontra egindako protesta bat, herenegun, Londresen
Erresuma Batuko Gobernuaren deportazio planaren kontra egindako protesta bat, herenegun, Londresen ANDY RAIN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2022ko ekainak 15 16:29

Erresuma Batuko Gobernua «harrituta eta etsituta» dago Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bertan behera utzi duelako atzo gauean asilo eskatzaileak Ruandara deportatzekoa zen lehen hegaldia, baina, halere, Priti Patel Barne ministroak jakinarazi du planari bere horretan eusteko asmoa dutela, eta jada hasi direla beste hegaldi bat prestatzen: «Konprometituta gaude oraindik ere. Auzitegiak ez du ebatzi legez kanpokoa denik».

Patel Komunen Ganberan mintzatu zaie diputatuei migrazioaren aferaz, eta erasokor agertu da, gobernuaren asmoa defendatzen aritu baita une oro. Besteak beste, «kezka» agertu du Estrasburgoko auzitegiaren erabakiaren «izaera opakoagatik», azken orduan eman zuelako agindua, eta argudiatu du asilo eskatzaileak Afrikako herrialde horretara bidaltzea «moralki arduratsua» eta egokia dela «legez kanpoko immigrazioari» aurre egiteko.

«Ez digute eragotziko egoki jokatzea. Erresuma Batuak eta Ruandak bide bat erakutsi dute immigrazioaren arazoari aurre egiteko», azaldu du Barne ministroak. Eta, hori egiteko, Patelen agerraldiaren aurretik, Therese Coffey Lan eta Pentsioen ministroak iradoki du gobernuak helegite bat aurkeztuko duela Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakiaren kontra; Sky News telebista katean egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpenok, eta horretan ere adierazi du gobernuak «bide legal eta seguruak» sortu nahi dituela jendeak asiloa eska dezan.

Erresuma Batuko Gobernuaren migrazio planak eztabaida handia sortu du herrialdean eta nazioartean, helburutzat baitu Mantxako kanala gurutzatzen duten migratzaile batzuk —atzo 444 pasatu ziren— Ruandara bidaltzea, asiloa han eska dezaten Europako herrialdean eskatu beharrean. Horiek onartzearen truke, Londresek 138,2 milioi euro emango dizkio Kigaliri, eta Erresuma Batuko Gobernuak berak finantzatuko ditu bidaiak —576.000 euro balio zuen lehen hegaldiak—.

Lehena atzo gauean zen ateratzekoa, zazpi lagun eramateko —hasieran, 130—, baina oraingoz Erresuma Batuan geratu dira; halere, Patelek atzo gauean esan zuenez, haien «asmoa» da horiek hurrengo hegaldian bidaltzea Afrikako herrialde horretara.

Hori bai, ez Barne ministroak ez gobernuko inork ez du jakinarazi hurrengo bidaia noiz izango den, eta baliteke atzoko gauza bera gertatzea gainontzeko hegaldiekin migrazio planaren legezkotasunaz erabaki arte; Erresuma Batuko Auzitegi Gorena horretaz da eztabaidatzekoa, eta, printzipioz, uztailean eman beharko luke erabakiaren berri.

Asilo eskatzaileak Ruandara bidaltzeko planak gobernuz kanpoko erakundeen, Eliza anglikanoaren eta oposizioko indarren haserrea eta kritikak eragin ditu. Esaterako, Komunen Ganberako gaurko saioan, Yvette Cooper laboristak gobernuari esan dio plana «hondamendi bat» dela, eta Ruandak ez duela ziurtatu asilo eskatzaileen eskubideak bermatuko dituenik.

Horren ordez, Cooperren ustetan, beharrezkoa da Erresuma Batuko asilo sistema hobetzea; besteak beste, batzuetan bost urte behar dituelako eskariei erantzuteko.

Kigali, lasai

Yolande Makolo Ruandako Gobernuaren bozeramaileak ez dio garrantzi handirik eman Estrasburgoko auzitegiaren erabakiari, eta «lankidetza» hori irtenbide gisa aurkeztu du berriz ere, «bizitzak salbatzeko» balioko duelakoan.

«Ruanda harrera lurralde bilakatu nahi dugu pertsona zaurgarrientzat. Eta denei eskatzen diegu aukera bat emateko proiektu honi, asilo sistema ahula baita. Trafikatzaileek erabiltzen dute, eta migratzaile klandestino askok bizitza arriskuan jartzen dute itsasoak igarota», argudiatu du Makolok.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakiak kalte egin dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren autoritateari eta hark migrazioaren aferan dituen asmoei. Are gehiago kontuan harturik brexit-a sustatu zuela, besteak beste, Europako erakundeen «kontroletik ateratzeko».

Estrasburgoko auzitegia, baina, ez da Europako Batasuneko erakunde bat, eta, hortaz, Erresuma Batuak haren erabakiak errespetatu behar ditu. Atzo arratsaldean, erabakiaren berri izan aurretik, Johnsonek esan zuen aukera bat dela Giza Eskubideen Europako Ituneko sinadura kentzea eta, beraz, auzitegiaren eraginpetik irtetea; gobernuko zenbait ordezkarik eta Suella Braverman fiskal nagusiak gaur ere atea irekita utzi diote aukera horri.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Raila Odinga presidentegaiaren jarraitzaileak, Nairobin. / ©Daniel Irungu, EFE

William Rutok irabazi ditu Kenyako presidentetzarako hauteskundeak

Arantxa Elizegi Egilegor

Hauteskunde Batzordeko zazpi kideetatik lauk uko egin diote emaitzak onartzeari. Raila Odingaren jarraitzaileek protesta egin dute batzordeko kideak bilduta dauden hotelaren atarian.

Nicola Sturgeon lehen ministroa, Eskoziako Parlamentuan. ©FRASER BREMNER/SCOTTISH DAILY MA

Hilekoarentzako produktuak doan banatuko ditu Eskoziak gaurtik aurrera

Berria

Gaur sartu da indarrean Hilekoarentzako Produktuen Legea, Eskozian. Udalek eta eskolek banatuko dituzte tanpoiak eta konpresak, eta eskatzen dituen ororentzat eduki beharko dituzte eskuragarri, doan.

Guayaquil hirian igande goizaldean izandako atentatua. ©Guayaseko gobernua.

Bost lagun hil dituzte Ekuadorren, lehergailu batekin egindako atentatuan

Hodei Iruretagoiena

Ekuadorko Gobernuak salbuespen egoera ezarri du Guayaquil hirian, 30 egunerako, «hiria babesteko eta kontrola berrezartzeko beharrezko neurri guztiak» hartzeko.

Israelgo Polizia, atzo, Jerusalem ekialdean. / ©Abir Sultan, EFE

Palestinar bat hil du tiroz Israelgo armadak

Arantxa Elizegi Egilegor

Jerusalem ekialdean egindako sarekada batean hil dute 21 urteko gizonezkoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...