Donostiako 70. Zinemaldia

Claude Sautet zuzendari frantziarrari atzera begirako bat eskainiko dio Zinemaldiak

Polizia-zinemagintza landu zuen nagusiki, eta gerraosteko belaunaldiaren eta nouvelle vague mugimenduaren artean kokatzen dute adituek.

Claude Sautet zinemagilea. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
2022ko ekainaren 15a
12:27
Entzun

Ez zen gerraosteko zinemagintzaren belaunaldiko kide, ez eta nouvelle vague izenekoaren parte ere. Frantziako zinemagintzaren bi belaunaldi esanguratsu horien arteko bidegurutzean kokatzen da Claude Sautet gidoigile eta zinema zuzendariaren filmografia (Montrouge, Frantzia, 1924 - Paris, 2000). Haren lanari atzera begirako bat eskainiko dio aurtengo Donostiako Zinemaldiak Euskal Filmategiaren laguntzarekin, eta zinemagile esanguratsuei eskainitako liburu bilduma berri bat ere hasiko dute Sauteti buruzko argitalpenarekin.

Besteak beste, lan hauen egilea da Sautet: Classe tous risques (1960), Les choses de la vie (1970) eta Max et les ferrailleurs (1971). Atzera begirakoaren albistea ematearekin batera, autorearen biografia laburra ere eman du Zinemaldiak, eta polizia eta kriminalen zinemagintzan egindako lana nabarmendu dute nagusiki.

Komediatik krimenera

1950ean hasi zen zinemaren industrian, zuzendari laguntzaile gisa, eta, gerora genero beltza lantzen espezializatu zen arren, Bonjour sourire! (1956) izan zen zuzendu zuen lehen lana: komedia musikal bat. Nouvelle vague mugimendua jaio zen garaian jadanik hasia zen polizia zinemagintza lantzen, eta sekula ez zen mugimendu haren parte izan.

70eko hamarkadan Romy Schneider eta Michel Piccoli aktore bikotearekin egindako lana ere nabarmendu du Zinemaldiak. Haiek izan ziren protagonista, esaterako, Les choses de la vie (1970) eta Max et les ferrailleurs (1971) filmetan. 80ko hamarkadan sartu ahala haren lanetan drama «ilundu» egin zela ere azaltzen du Donostiako jaialdiak egindako erretratuan, eta horren adibide dira Mado (1976); Une histoire simple (1978), eta Garçon!(1983).

Azken manifestua

Azken lana Papergabeen Aldeko Zinemagileen Taldearekin batera sinatu zuen Sautetek. 200 zuzendari, ekoizle, erakusle eta banatzaile frantziarrek osatzen zuten kolektibo hori, eta haren parte ziren, besteak beste, Bertrand Tavernier, Jacques Audiard, Solveig Anspach, Catherine Corsini, Laurent Cantet, Philippe Garrel, Lola Doillon, Alain Bergala eta Sautet bera ere. Eta, Zinemaldiak gogora ekarri duenez, film labur formako manifestu bat sinatu zuten guztiek, Frantziako legez kanpoko etorkin guztiak babesteko: Nous, sans-papiers de France (1997).

Orain arte, Espainiako Zinematekarekin batera eman ditu argitara zinemagileei buruzko liburuak Donostiako Zinemaldiak, baina etapa hori amaitu, eta Euskadiko Filmategiarekin jarraituko du argitalpenekin aurrerantzean. Eta horregatik eman diote liburu bilduma berri bati hasiera Sauteti eskainitako lanarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.