Lan gatazkak

ELA, LAB eta ESK-k bost greba egunetara deituko dute ekain amaierarako Mercedesen

UGT eta CCOOk ere lanuztera deitu dute ekainaren 22rako eta 29rako. Ostiralean bilduko dira berriz zuzendaritzarekin. 

Langile batzuk Gasteizko Mercedesen fabrikaren atarian, gaur goizean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko ekainaren 15a
15:37
Entzun

Gasteizko Mercedeseko lan gatazkan urrats bat aurrera egitea erabaki dute ELA, LAB eta ESK-k: mobilizazioak gogortu, eta ekain amaierarako bost greba egunetara deituko dute. Hala adostu dute gaur goizean egindako batzarrean. Hiru sindikatuen ustez, «gainditu ezin diren marra gorriak» daude negoziatzen ari diren lan hitzarmenean, eta ez daude horiek onartzeko prest.

Hiru sindikatuek batzar orokorrera deitu nahi zuten, langile guztiei negoziazioen berri emateko eta aurrera begirako urratsak zehazteko. Enpresako langileen artean 2.500 sinadura ere bildu zituzten horretarako (produkzioko langileen %80k babestu zuten proposamena). UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek, ordea, atzera bota zuten proposamena. Hori dela eta, batzar ireki batera deitu zituzten langile guztiak, gaurko. Bertan bozkatu eta adostu dute greba antolatzea.

Zuzendaritzaren azken proposamenaren berri eman diete hiru sindikatuetako kideek bertaratu direnei, eta denek izan dute bozkatzeko aukera gero. Arratsaldean beste bilera bat egingo dute, eta bertan berretsi beharko dute greba deialdia. Igor Gebararen hitzetan, langileek argi adierazi dute ez dutela babesten enpresaren proposamena.

Lan hitzarmen berriaren negoziazioetan, ELA, LAB eta ESK sindikatuen marra gorriak honako hauek dira: erosteko ahalmenari eustea, gaueko txandan egun bat gehiago lan ez egitea, txandakako kontratua hobetzea, V automobil modeloa fabrikatzeko langile berriek lan baldintza okerragoak ez izatea, eta asteburuan lan egiten dutenenak arautzea.

UGTk eta CCOOk ere greba

Gebarak iragarri duenez, greba antolatzeko proposamena UGT eta CCOO sindikatuei helaraziko diote, protesta elkarrekin antolatzeko. Izan ere, uste dute posible dela gutxieneko batzuk adostea mobilizazioak egiteko.

Bi sindikatu horiek, hain zuzen ere, bi orduko lanuztea eta elkarretaratzea egin dute gaur, enpresaren atarian. Eta bertan iragarri dute bi greba egun antolatuko dituztela: ekainaren 22an eta 29an izango dira. Aurrez iragarria zuten ekainean eta uztailean bost greba egunetara deituko zutela, baina datak ez zituzten jakinarazi. Uztaileko hiru greba egunak ere noiz izango diren aurrerago esango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.