Kutxabankek %15 handitu du euskal ekonomian duen pisua

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek 187 milioi euro jaso dituzte guztira tasetan eta zergetan. Ia 9.000 milioi euro jarri ditu enpresentzako eta partikularrentzako kredituetarako.

Kutxabankek Bilbon duen egoitza. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
2022ko ekainaren 15a
15:40
Entzun

Iaz, Kutxabankek eta haren hiru fundazioek 776 milioi euroko ekarpena egin zioten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiari, 2020an baino %15 gehiago.

Bilbon egindako bilera batean, Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidenteak datu horiek biltzen dituen txostenaren ondorioak azaldu dizkio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari.

Azterketan azpimarratu dutenez, susperraldi ekonomiko motela, inflazioaren eragin negatiboa eta lehengaien garestitzea ezaugarri dituen urte batean, Kutxabank Taldeak areagotu egin du euskal ekonomian duten pisu erlatiboa.

2021ean Kutxabank eta haren fundazioak izan ziren euskal enpresen lehen kontratatzaileak: gehienak (%85) zerbitzuen sektorekoak izan ziren, eta, zehatzago, informatikaren arlokoak. Guztira, 4.100 enpresari egin zizkieten zerbitzu eskaerak, 213 milioi euroko balioarekin.

Iaz, 3.000 langile zituen taldeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta hiru lurraldeetako foru ogasunek guztira 187 milioi euro jaso zituzten tasetan eta zergetan, zergadun nagusietako bat izanik.

Azterketak zeharkako ondorioak ere zehazten ditu, Kutxabanken kreditu jardueratik eratorritakoak: bankuak enpresei eta partikularrei bideratutako finantzaketak zeharka 8.759 milioi euroko ekarpena egiten dio hiru lurraldeetako BPGari, guztizkoaren %13,2.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak