INGURUMENA

Donostia, Mutriku, Muskiz, Gernika eta Murueta, Bandera Beltzen zerrendan

Ekologistak Martxan elkarteak aurten ere banatu ditu «kutsatzeagatik» eta «kudeaketa txarra egiteagatik» urtero banatu ohi dituen Bandera Beltzak. Guggenheim 2,3, Petronor eta Donostiako Antondegi mendiko proiektuei eman dizkie banderak.

Antonegi mendia, artxiboko argazki batean. JUAN CARLOS RUIZ/FOKU
jone arruabarrena
2022ko ekainaren 15a
17:11
Entzun

Bi motatako banderak banatu ohi ditu Ekologistak Martxan erakundeak urtero, biak beltzak. Bata, zenbait udalerritan eraiki diren proiektuen «kudeaketa txarragatik»; bestea, proiektuen kutsadura maila handiagatik. Euskal Herrian, aurten, lau banatu dituzte: Bizkaiko Foru Aldundiari eman diote bat, Guggenheim 2,3 bat sortzeko proiektuan egindako kudeaketa txarragatik, eta Mutrikuko Barbadun itsasadarraren inguruan ere eman dute halako izendapen bat. Kutsaduragatik, berriz, Petronorri eman diote, «Barbadun ibaira isurketa kutsagarriak egin eta kostaldeko lur publikoaren legez kanpoko okupazioagatik», eta baita Donostiako Antondegi mendiko proiektuari ere.

Kudeaketa txarra

Urdaibaiko itsasadarrean Bilboko Guggenheimen osagarri izango diren beste bi museo eraikitzeko proiektua «zentzugabea» dela iritzi dio elkarteak, eta horregatik eman dio kudeaketa txarraren izendapena. Izan ere, azaldu du museoa eraikitzen hasiko balira kamioien joan-etorria «handitu» egingo litzatekeela, eta, behin eraikina altxatuta, joan-etorri hori «nabarmen handituko litzateke, urtean milaka turista erakarrita; 140.000raino, proiektuaren beraren arabera».

Horrez gain, ohartarazi dute proiektuaren atzean eskualde osoaren «ezkutuko urbanizatzea» egon daitekeela: «Izan ere, gehiegizko hirigintza zailtzen duten antolamendu planak aldatuko baitira, Bizkaiko kostalde osoko beste herri batzuetan egin den bezala, Getxon, Plentzian eta abarretan».

Mutrikuko Barbadun itsasadarreko kanpoaldeko dikea handitzeko lanei dagokienez, hainbat irregulartasun azaleratu dituzte: «20 milioi euroko obra bat lizitatu da, eta Eusko Jaurlaritzaren kontratazioen orrialdean soilik egin da publiko, inongo aldizkari ofizialetan argitaratu gabe eta udalari berari inolako jakinarazpenik egin gabe. Proiektuak dagoeneko haren oniritzia du, Portuko Udal Kontseilua eratu gabe, eta hori eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren 2016ko Portuen Legeak».

Bestalde, gehitu dute dike hori handitzeak 500 edo 600 amarraleku berri sortzea dakarrela, eta horrek, era berean, kirol portua zabaltzea eragingo duela: «Horrek, zalantzarik gabe, hirigintza proiektu berriak bultzatzea ekarriko du».

Kutsadura

Petronorri, berriz, egotzi diote koke planta bat ezarri izana, kostuen araudia bete gabe, eta «legezko trikimailu batengatik 200 milioi euro arteko isuna ordaintzetik salbatzea».

Hala ere, zehaztu dute erakundeek ere badutela erantzukizuna auzi horretan: «Ia justifikatuagoa egongo litzatekeenean kudeaketa txarreko bandera ematea Eusko Jaurlaritzari, Fiskaltzari edo Kostaldeen Zuzendaritzari, esaterako, arduragabekeriagatik edo irabazi nahiagatik enpresa babesten duten erakundeei, inpunitate osoz ingurumen legeak, kostaldeak eta abar gaindi daitezen eta Barbadun ibaiaren itsasadar osoa kutsa dezan, eta lur publikoaren 46.000 metro karratu har ditzan».

Donostiako Antondegi mendiko proiektuaz, esan du «lurzoru publiko eta naturalaren hedadura handi bat urbanizatzen» ari direla, erabilera pribaturako. Azaldu dutenez, lurzoru naturala eta nekazaritzakoa artifizialtzea ekarriko luke Donostiako Udalak proposatu duen olatu artifizialen sei hektareako azpiegiturak, «Donostian geratzen diren berdegune urrienetariko baten bihotzean»: «Donostian olatu artifizialen instalazio bat eraikitzea, baliabideen kontsumo handia dakarrena, bateraezina da egungo klima larrialdiarekin, areago kontuan harturik ingurune naturala zein hondatua dagoen eta kostaldea zein gertu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.