Kanpo merkataritza

Esportazioak %22,2 handitzen ari dira aurten

Petrolio garestiak puztu egin du inportazioen balioa, baina baita esportazioena ere.

Makinak dira Euskal Herriaren esportazio gai nagusietako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 16a
11:42
Entzun

Kanpo merkataritza hazkunde betean dago oraindik. Aurtengo lehen lau hilabeteetan, Hego Euskal Herriko enpresek 13.709,8 milioi euroren ondasunak esportatu dituzte, iaz epe horretan baino 2.493,4 milioi gehiago (+%22,2).

Ezin da esan Ukrainako gerra luzatzeak kalte egin dionik kanpo merkataritzari, apirilean are gehiago egin baitute gora esportazioek, %27,6 hain zuzen ere.

Kopuru horretan, ordea, pisu nabarmena izan du energiaren garestitzeak. Izan ere, Eustatek nabarmendu du petrolioaren olio finduen atala izan dela gehien hazi den esportazio saila, hau da, Petronorren findegitik ateratzen diren gasolina, gasolioa eta beste erregaiak. Eurotan, %114,3 egin du gora sail horrek, baina tonatan, %28,5.

Edonola ere, energiari lotutakoak ez dira Hego Euskal Herriko ekonomiaren esportazio gai nagusiak. Enpresek gehien esportatzen dutena –%30,1 aurten– ekipo ondasunak dira, hau da, enpresek erabiltzen dituzten elementuak kontsumo ondasunak edo zerbitzuak sortzeko: makinak eta osagaiak. Urteko lehen lau hilabeteetan, 4.124,2 milioi euroren esportazioak izan ditu sail horrek, Espainiako Industria eta Merkataritza Ministerioaren arabera, iaz baino %12,7 gehiago.

Bigarren esportazio gai nagusia autoak eta furgonetak dira: 3.253,2 milioi euro atera dira portuetatik, trenbideetatik eta errepideetatik, iaz baino %18,3 gehiago. Esportazioen %23,7 dira.

Inportazioak, are indartsuago

Energia garestiak pisu handia izan du inportazioen hazkundean ere. Esportazioek baino are gehiago egin dute gora inportazioek (+%41,7), eta, batez ere, Bizkaian handitu dira (+%58,1), lurralde horretara iristen baitira Petronorri petrolioa ekartzen dioten ontziak eta Bahia de Bizkaiari gasa ekartzen diotenak. Eustaten arabera, produktu energetikoen inportazioak %96,8 egin du gora.

Edonola ere, Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan ere handitu dira inportazioak, %30 inguru, eta horrek erakusten du nabarmen handitu dela erregaiaz bestelako kanpoko produktuen eskaria ere.

Inportazioak esportazioak baino gehiago handitu arren, kanpo saldo positiboa du Hego Euskal Herriak, 2.457 milioi eurokoa. Bizkaia da kanpo saldo negatiboa duen bakarra (-1.151 milioi), energia sektoreak lurralde horretan duen garrantziaren ondorioz. Beste hiru lurraldeek mila milioi eurotik gorako kanpo saldo positiboa dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.