LAB-en X. Biltzar Nagusia

Afiliatuen babes zabala jaso du zuzendaritzaren kudeaketak

Garbiñe Aranburuk nabarmendu du duela bost urte ezarritako ildoetan «asmatu» egin dutela, batean izan ezik: gehiengo sindikalaren aliantzan. Biharko saioan aukeratuko dute zuzendaritza berria: bi buruko lidergoa izango du: Aranbururekin batera Igor Arroyo arituko da.

LABeko afiliatuak, Miarritzen egiten ari diren Biltzar Nagusian. LAB
jokin sagarzazu
2022ko ekainaren 16a
12:53
Entzun

LABek «eredu sindikala berritzeko» apustua» egin zuen 2017an, eta horrekin «bete-betean asmatu» dutela nabarmendu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak. Gainera, afiliatuen babesa jaso dute berak eta hark gidatutako zuzendaritzak, Miarritzen (Lapurdi) gaur hasi duten X. Biltzar Nagusira joan diren ordezkariek aho batez ia (%99,13) babestu egin baitute azkenengo bost urteotako kudeaketa.

Horrez gain, datozen bost urteetarako txostena aztertu eta eztabaidatuko dute gaur, eta bihar aukeratuko dute zuzendaritza berria. Berrikuntza nagusia, bat: LABek lehen aldiz bi buruko lidergoa izango du: ezustekorik ezean, Garbiñe Aranburu egongo da aurrerantzean ere idazkari nagusi karguan, eta harekin batera arituko da Igor Arroyo, orain arte idazkari nagusiaren albokoa izandakoa.

Aranburuk 500 afiliatu ingururen aurrean egin du azken bost urteetako balantzea. Sindikatua «osasuntsu» dagoela azaldu du, «prest» dagoela biltzarrean onartuko diren erronkei aurre egiteko. Duela bost urte baino 5.000 afiliatu gehiago dituzte (%12,5eko igoera): 46.000 inguru guztira. Eta nabarmendu du hori lortu dutela orain arte LABentzat eta sindikatuentzat oro har oso zailak ziren lan esparru batzuetara heltzea lortu dutelako. Hori gertatu da, Aranbururen arabera, LABek «paradigma aldaketa garrantzitsu bat» gauzatu duelako. «Kapitala-lana konfrontaziotik kapitala-bizitzara igaro gara». Edo bestela esanda: «Bizitza erdigunean» jarri dutelako gertatu da hori. «Sindikalismoa berritzen aitzindariak izan gara, eta asmatu egin dugu».

Sektore batzuk aipatu ditu: etxeko langileena, adibidez. Aurreko biltzarrean alor sindikal berezitu bat sortu zuten langile horientzat. Horrekin batera, migranteak sindikalgintzara ekartzeko egindako ahalegin berezia aipatu du: Nafarroako Erriberan egindako lana nabarmendu du. Goraipatu egin du, halaber, gazteekin eta bereziki Ernai antolakundearekin egindako lana. Alor horiez gain, 100 bat enpresatan egindako grebak gogoratu ditu, eta hainbat gatazka «sozializatzeko» egindako lana. Horretan gako izan dira, Aranbururen arabera, duela bost urte ezarritako afiliazio kuota sistema berria —diru sarreren araberakoa— eta «borroka kutxa indartu» izana.

Beste hainbat gai zerrendatu ditu Aranburuk bere hitzaldian: ikuskera feminista sindikatuan txertatzeko egindako lana; lan harremanen euskal esparrua eta pentsio sistema propioa garatzeko proposamenak, eta sektore publikoaren kontrol politikoa eta soziala indartzeko aurkeztutakoak; gatazka politikoaren konponbideari begira egindakoak... «Arrazoia izatea ez da nahikoa; aldaketa erdiesteko bidea marraztu behar da, eta hori egin dugu», azpimarratu du.

ELArentzako mezua

Aurreko biltzarrean, LABek bere burua sindikatu ekosozialista eta feminista gisa definitu zuen, eta abiatutako bide hori garatu eta indartzeko konpromisoa agertu du datozen bost urteetarako. Horrekin batera, ezkerreko independentismoak estrategia bateratzeko apustua egin zuela nabarmendu du, eta hori izan dela, akaso, hutsegite nabarmenena. «Ez da gozoa izan. Haizea alde genuela uste genuen».

2017an ELArekin sinatutako adierazpena gogoratu du. Besteak beste lan harremanetarako esparru propioa osatzeko pausoak emateko konpromisoa agertu zuten bi sindikatuek, baina LAB bakarrik geratu dela azpimarratu du. Gertakari bat gogoratu du: pentsio sistemaren erreforma dela-eta negu honetan Hego Euskal Herrian egin asmo zuten greba orokorrak aurrera egin ez izana. Aranburuk Mitxel Lakuntzaren sindikatuari leporatu dio horren erantzukizuna. «Borroka ez da diskurtsoetan txertatzeko hitz bat». Biharko saioan hitz egingo du Lakuntzak, eta, harekin batera, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak eta beste ordezkari politiko eta sindikal batzuek.

Aurrera begirakoak

Kudeaketa txostena onartu ostean, afiliatuek datozen bost urteetarako estrategia fintzeari ekin diote gaurko saioan, ateak itxita. Guztira 203 zuzenketa aurkeztu dituzte biltzarkideek. Horietatik 102 zuzenean onartu dituzte, 115 adostu egin dituzte, 47 bertan behera geratu dira, eta 19 ez dituzte onartu.

Bi buruko lidergoarekin batera, beste hainbat gai jasotzen ditu zuzendaritzaren proposamenak. Besteak beste, instituzio publikoetan parte hartzea berrikusiko du sindikatuak. LABek horietako batzuetan ez parte hartzea erabaki zuen —adibidez, Lanbiden eta Lansaren, eta Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean— langileen lan baldintzak hobetzeko balio ez dutelakoan. Horietako batzuetara nola itzuli aztertuko dute. Erakunde horiek «konfrontaziorako» eremu gisa ikusten ditu sindikatuak.

Horrekin batera, «kontrabotere sindikalismoaren» definizioa garatuko dute. Elkarrizketa sozialeko mahaietan ez egoteko erabakia berretsi du zuzendaritzak, eta grebari lehentasuna emango dio borrokarako tresna gisa, baina horrekin batera «mekanismo osagarriak» behar direla dio; bereziki, «gatazken sozializazioa».

Sindikatuaren estatutuetan ere aldaketa batzuk planteatu ditu, «horizontalagoa, kolegiatuagoa, parte hartzaileagoa eta feministagoa» izan dadin. Eta, besteak beste, idazkaritza antirrazista bat sortuko du. Lan osasunaren arloa ere indartu nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.