Memoria historikoa

Urkullu: «Memoria historikoaren legeak injustizia zuzenduko du»

Eusko Legebiltzarrak atzera bota ditu PP+C’s eta Voxen osoko zuzenketak, eta lege proiektuaren tramitazioak aurrera jarraituko du

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gaur, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 16a
16:50
Entzun

«Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legearekin gizarteak zorra kitatuko du biktimekin eta haien senideekin». Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzak dira horiek. Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari dira lege egitasmoa, eta han mintzatu da lehendakaria, osoko bilkuran. «Akordioa eta adostasuna» eskatu dizkie taldeei, araua adostasun zabalaz onar dadin. Izan ere, lehendakariak uste du legeak parada eskainiko duela etorkizuna «bizikidetzarako memorian» eraikitzeko: «Aukera historiko baten aurrean gaude. Duintasuna itzuliko zaio halakorik aitortu ez zaionari, injustizia zuzenduko du, eta eskubideen urraketa berrezarriko».

Urrats bat aurrera egin du Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren lege proiektuak Eusko Legebiltzarrean. PP+C’s eta Vox taldeek egitasmoari aurkeztutako zuzenketa bana atzera bota dituzte gainerako taldeek, eta, beraz, ez diote proiektua Eusko Jaurlaritzari bueltatuko.

«Egia, justizia, erreparazioa, berriz ez gertatzeko bermea eta balio demokratikoak» dira lege egitasmoaren ardatzak. Jasotzen duenez, gizarte osoak, eta bereziki biktimek eskubidea dute 1936ko gerran eta ondorengo diktaduran gertatuaren egia jakiteko. Biktimek errekonozimendu eta erreparaziorako duten eskubidea ere aitortzen da legean, eta memoriaren arloko arau hauste oso larriak, larriak eta arinak sailkatzen ditu;200 eta 150.000 euro arteko zigorrak jasotzen ditu.Besteak beste, arau hauste oso larritzat jotzen ditu biktimen hobiak suntsitzea, diktaduraren biktimen aurkako adierazpenak egitea eta 1936ko kolpe militarra eta diktadura goraipatzea.

PP+C’s-ek eta Voxek lege egitasmoa arbuiatu dute, eta biek ala biek kritikatu dute ETAren «proiektu totalitarioak» eragindako biktimak ez dituela aintzat hartzen. «Zergatik desagertu da ETAren proiektu totalitarioa gure memoria historikotik? Ez du zentzurik», galdetu du Carmelo Barriok. Halaber, salatu du «errepublikanoek eragindako biktima errugabeek» ere jasota egon beharko luketela lege egitasmoan.

Eskuineko taldeen kritikei gogor erantzun diete EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak aurpegiratu die «ETAren aitzakia» erabiltzea 1936ko gerraren eta frankismoaren biktimekiko «konpromisorik eza» estaltzeko. «ETA ezin da izan memoria historiko eta demokratikoarekiko interesik, konpromisorik eta ausardiarik eza zuritzeko komodina».

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearentzat «lizuna» eta «onartezina» da osoko zuzenketak aurkeztea eta aldi berean aitortza ukatzea «kolpe faxistan eta gerran eraildakoei, fusilatuei, desagertutakoei, exiliatuei eta torturatuei». Arzuagaren iritziz, osoko zuzenketak «iraina» dira frankismoaren biktimentzat.

Eta ildo beretik mintzatu da Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea ere. PP+C’s eta Vox taldeei aurpegiratu egin die memoria historiko eta demokratikoa sustatzen duen edozein legeren aurka egotea. «Lege egitasmo hau gelditu nahi izatea diktadura frankistaren oinordekoak legitimatzeko modu bat da», ohartarazi die.

PSE-EEko Eneko Anduezak, berriz, eskatu du ez nahasteko ETAren biktimak gerrako eta diktadurako biktimekin. Halaber, «adostasun zabala» eskatu du legearen inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.