Krisi demografikoa

Atzera bota dute familientzako diru laguntzak «unibertsalak» izateko proposamena

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk elkarrekin aurkeztu dute ekinaldia Eusko Legebiltzarrean, baina gainerako taldeek aurka bozkatu dute. Galdegin dute seme edo alaba bakoitzeko 200 euroko diru laguntza gutxienez 18 urte bete arte luzatzea. Save the Childrenek eta Unicefek eskaera babestu dute.

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 16a
17:39
Entzun

Joan den maiatzaren 18an, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iragarri zuen urtean 100.000 euro baino gutxiagoko errenta daukaten gurasoei seme edo alaba bakoitzeko 200 euroko diru laguntza emango diela Jaurlaritzak hilero, umeak 3 urte bete arte. Gaur, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean eskatu dute laguntza hori gutxienez seme-alabek 18 urte bete arte «era progresiboan» luzatzeko. Haatik, ekinaldiak ez du aurrera egin. EH Bilduk eta EP-IUk laguntzen sistema «unibertsala» proposatu dute, besteak beste, zerga kenkariek gaur egun duten izaera «erregresiboa» gainditzeko eta errenta apalak dituzten familiek zerga onurak eskuratzeko dituzten oztopoak ezabatzeko.

EH Bilduren iritziz, Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak herenegun aurkeztu zuen txostenak –Zenbat kostatzen den haurrak haztea Euskadin 2022– argi eta garbi erakusten du premiazkoa dela egun indarrean dagoen familientzako diru laguntzen sistema publikoa indartzea eta hobetzea. Nerea Kortajarenak gogoratu duenez, aipatutako txostenaren arabera, seme-alaben mantenua %19 igo da lau urtean, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 29.000 familiak ezin dute ordaindu. «Areago, mantenua gero eta garestiagoa da seme-alabek 3 urte bete ostean. Hau da, gastuak are handiagoak direnean, 3-18 adin tartean, Jaurlaritzak ez du inolako laguntza berririk planifikatu familientzat».

Elkarrekin Podemos-IUko Isabel Gonzalezek adierazi du ezinbestekoa dela laguntzak indartzea, eta Jaurlaritzari eskatu dio «benetako borondate politikoa» erakusteko haurren pobrezia serio hartzeko. Elkarrekin Podemos-IUk proposatu du zerga sistema berrikustea, haren ondorio «erregresiboak iraultzea», seme-alaba bakoitzeko prestazioak 18 urtera arte luzatzea, eta egoerarik ahulenean dauden familientzako prestazioak sustatzea.

Elkarteen babesa

EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren eskaera horrekin bat egin dute Save the Childrenek eta Unicef elkarteek, ohar batean. Esan dute beharrezkoa dela laguntzak «unibertsalak» izatea, eta «egiturazko neurriak» eskatu dituzte haur guztien eskubideen alde. «Gure ustez, ezinbestekoa da hazkuntza unibertsalerako laguntza proposatzea, zerga kenkari itzulgarrien bidez, 18 urtera arte». Elkarteek uste dute diru sarrera oso txikiak dituzten eta errenta aitorpena egitera behartuta ez dauden pertsonak ezin direla sistematik kanpo utzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.