Albistea entzun

Indarkeria matxista

Elkargoak eraso sexistei buru egitera ekarri nahi ditu herriak

Euskal Elkargoak bortizkeria sexistaren kontrako protokoloa bidali die Ipar Euskal Herriko 158 herriko etxeei. Bestetan tokiko eragileei tresnak ematea da asmoa.

Indarkeria matxistaren aurkako protokoloaren aurkezpena, artxiboko irudi batean.
Indarkeria matxistaren aurkako protokoloaren aurkezpena, artxiboko irudi batean. Isabelle Miquelestorena/IPARLA Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Etxeleku, Ipar Euskal Herriko Hitza -

2022ko ekainak 18

Euskal Hirigune Elkargoak Bestetan bortizkeria sexista eta sexualen kontrako borroka protokoloa bidali die Ipar Euskal Herriko herriei. Herriko besta batzorde eta elkarteekin biltzera eta prebentzio lana egitera akuilatu nahi ditu herriko etxeak: informazioa zabaltzeko, besten denboran erasoen biktimei harrera gune bat bermatzeko, haien elea bildu eta babesa ekartzeko.

Euskal Elkargoak 2018an gizon-emazte arteko berdintasunerako Europako ituna izenpetu zuen. Egiazko Berdintasunaren Alde (EBA) taldearen akuiluz, Elkargoz kanpoko batzorde bat ere sortu zen gaiaz mintzatzeko. Lurralde poloetako hautetsi ordezkariak —kasik den-denak emazteak—, lau elkarte eta hiru langile sindikatu biltzen ditu. Joan den urtean, berdintasunaren aldeko gida praktikoa argitaratu zuen, eta Elkargoko hautetsiei banatu.

Bestetan bortizkeria sexista eta sexualen kontrako borroka protokoloa, Ipar Euskal Herriko 158 herriko etxeei bidali die Elkargoak, eta ondoko biltzar orokorrean aurkeztuko du. “Gogoa eman nahi genien zerbait egiteko prebentzio mailan, herriko etxeek baitute boterea herriko bestei buruz”, erran du gaiaren ardura duen Martine Bisauta lehendakariordeak. Lehenago, hautetsiei helarazi gida praktikoan, herriko kontseiluan gaia lantzeko hautetsi baten izendatzea proposatzen zien. “Badakit Kanbon, adibidez, oposizio hautetsi batzuek gaia ekarri dutela”.

Elkarteak akuilu

Talde feministak aitzinetik hasiak ziren lanean sexu erasoen kontra. Horien artean, PAF, Alternatiba Feminista baten Aldeko Baionako taldea. EBA sortu zuten erakunde publikoak ere lot zakizkioten arazoari. EBAk 2017tik galdegin zuen herriko etxeek zerbait has zezaten bestetan prebentzioa egiteko. Claire Lataillade PAF elkarteko kideak parte hartu du EBAn hastetik, baita Garapen Kontseiluan gaia lantzeko sortu batzordean ere. Dioenez, hortik etorri da Elkargora egitasmoa. “Elkarteetarik jiten dira usu holako gaiak”.

Claire Lataillade

Berdintasunaren aldeko Elkargoz kanpoko batzordean parte hartzen du Latailladek. Bortizkeria sexista eta sexualen inguruko protokolo bat bazuen bere aldetik PAFek Baionako bestetan. Itsasun, Femin’Hitza talde feministak, halaber, bazuen berea. Iaz, Elkargoko Batzordera ekarri zituzten protokolo horiek proposamen gisa, Latailladek dioenez: “Nahi genuen herri batzuek beren gain har zezaten protokolo bat, ikusteko zer ematen zuen”. Azkaine, Itsasu —bi horiek beren protokoloa bazuten jada—, Atharratze eta Urruñako herriko etxeek egin zuten lan hori.

Iazko uda aitzin zen. Batzordea, urtarrilean bildu zen berriz eta protokoloa herri guzietara hedatzeko ideiak bide egin du. Latailladek esplikatu du diru gutirekin ari direla: “Diruarengatik ezin izan ditugu egiazko euskarriak egin, baina heldu den urtean Elkargoak komunikazio azkarragoa eginen du”. Geurtz arte goaitatu gabe, aurtendik nahi izan dituzte herriak jakinean eman.

PAFeko kide Lataillalde damutzen da ahal gehiagorik ez ukaitea sustatze lana egiteko. “Elkargoan bada Jean-Christophe Tassy [misio karguduna] eta bakarrik da Elkargo Hiritarra Sailean —horretan, emazte eta gizon arteko berdintasuna eta trantsizio ekologikoa badira—; beraz, ez du denborarik”. Bisauta ez da ados horrekin; ez du uste lantaldea osatzearen beharrik baden: “Zintzoki, ez dut uste behar handia badenik taldea indartzeko. Elkargoaren eskumen behartua ez den arlo horretan lan handia egina da jada”.

Gida praktikoaz gain, Bisautak azpimarratu du langile zerbitzuetan indar berezia egin dutela, hala nola sexu “jazarpenak seinalatzeko protokolo berria” plantan ezarriz. Hautetsiak uste du herriko etxeek dutela eskutan hartu behar afera “Elkargoak dena egitea goaitatu gabe”.

Martine Bisauta

Latailladek espero du udatik landa aztertuko dutela herrien parte hartzea. “Guk akuilu lana egiten dugu galdegiteko bilan hori egina izan dadin”. Label gisako bat sortzea nahi luke, eredu diren herriak nabarmentzeko, “beste herriak beste honenbeste egitera ekartzeko”.

Baionako bestak

Bere aldetik, PAFek bere lana darraika Baionan. Aurtengo bestentzat formazioak proposatu dizkie ostatuzainei eta peñen batasunari. “Batzuek, jadanik, protokoloa izenpetu zuten duela hiru urte”.

Latailladek badu esperantza gehiago sartuko direla aurten. Formazioan, erasoa zer den aztertuko dute parte hartzaileekin, lehenik, bakoitzari galdeginez erasorik ikusten duten bere egoitzan, eta nolako erasoak. Eraso mota bakoitza argiki ikustea da xedea. Ondotik, gerta daitezken kinka batzuk landuko dituzte ondoko galdera eginez: “Hori gertatzen delarik, zuen ustez, nola erantzun behar dugu?”. Formakuntza bukaeran, afixak eta laguntza egituren kontaktu zerrenda ukanen dute.

Biktima izan diren emakumeentzako arreta zerbitzua

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Ikasle bat Hernaniko Langile ikastolan sartzen, gaur goizean ©Jon Urbe / FOKU

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan greban daude gaur

Irati Urdalleta Lete

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitu dituzte langileak grebara, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiekturen kontra egiteko.

Lodosa Bizirik taldeko kideak, bi kaleren izenak euskaraz jarri eta gero. ©BERRIA

'Ahobizi' izan nahi, eta ezin

Itsaso Jauregi

Aurten ez da egingo Euskaraldia Lodosan, baina Lodosa Bizirik elkartekoek lanean jarraituko dute euskara normalizatzeko asmoz
Alternatibak atzo Gasteizen antolatutako mahai ingurua. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Ez gara arrisku bat: gu gaude arriskuan»

Edurne Begiristain

Alternatibak antolatuta, Espainiako trans legeari buruzko «gezurrak» ezeztatu dituzte mahai inguru batean. Mar Cambrollek esan du transek «subjektu aktiboak» izan behar dutela

Espainiako Polizia Gernikan (Bizkai), gaur, atxilotutako lagunarekin. ©EITB

Espainiako Poliziak gutxienez lagun bat atxilotu du Gernikan, «jihadismoa doktrinatzea» egotzita

Paulo Ostolaza

Auzitegi Nazionalak eman du atxiloketa agindua. Atxilotua aspaldidanik bizi zen Errenteria auzoan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.