Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Opera eta nazioarteko orkestrak, Musika Hamabostaldira bueltan

Musika sinfonikoa eta korala izango da nagusi Kursaaleko emanaldietan. Abuztuaren 2an hasiko da jaialdia, Monteverdi abesbatzaren eta English Baroque Soloists orkestraren kontzertu batekin, eta hilaren 27an amaituko da, 70 emanaldi baino gehiago egin eta gero.

Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendaria (aurrean, eskuinean), jaialdia laguntzen duten erakunde publiko eta enpresetako ordezkariekin, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Andoni Imaz.
2022ko ekainaren 17a
18:43
Entzun

Itzuli dira nazioarteko orkestrak, operak, ekoizpen propioak eta abesbatzak Donostiako Musika Hamabostaldira. Azken bi urteetan aurrekontua eta programazioa murriztu behar izan dituzten arren, 83. jaialdia 2019ko zenbakietan da berriz, Patrick Alfaya zuzendariak esan duenez. Bi milioi euro baino gehiago izanik, nazioarteko orkestra gehiago ekartzeko aukera izan dute; Txekiar Orkestra Filarmonikoa eta Frankfurteko Irrati Orkestra, besteak beste. Abuztuaren 2tik 27ra egingo dute jaialdia, eta gaur goizean aurkeztu dute, Tabakaleran.

«Festibal batek beti eduki behar du bereizgarriren bat, eta gurea mundu korala da, Gipuzkoan hain aberatsa den hori», azaldu du Alfayak. Horregatik, Kursaaleko auditoriumean egingo dituzten hamar kontzertuetatik bederatzitan abesbatzak ariko dira kantuan, askotariko orkestrekin batera: Monteverdi, Donostiako Orfeoia, Easo, Andra Mari, Collegium Vocale 1704, eta jaialdian aurrenekoz ariko diren bi talde: Landarbaso eta Vocalia.

Lan berriak ekoiztea ere jaialdiaren helburuetako bat da: «Gure errepertorioa orain dela mende askotakoa izaten da maiz, eta bilatu behar dugu hori ere». Aurten, opera bat ekoitzi dute, nahiz eta prestatzen hasi zirenean ez zekiten proiektuak zer bide hartuko zuen, Alfayaren hitzetan: «Hasieran kontzertu bat zen, ez genekielako zer egiteko aukera izango genuen, eta eboluzionatu egin du: lehen, opera erdi eszenifikatu bat zen, eta orain orkestra du zuloan, eszenografia, mugimendu eszenikoa... Opera batek izan behar duen guztia».

Gaetano Donizetti konpositorearen La fille du régiment (Erregimentuko alaba) izango da opera hori; hilaren 12an eta 14an emango dute. Orain bi mende Parisen egin zuten arren, Alfayak «zero kilometroko opera» deitu dio: Donostian ekoitzi dutelako, eta bi rol nagusiak abeslari donostiarrek egingo dituztelako: Xabier Anduaga tenorrak eta Elena Sancho-Pereg sopranoak. Bestalde, Euskadiko Orkestra eta Easo abesbatza ariko dira, Lucas Maciasen zuzendaritzapean. Opera komiko bat da, bi ordu ingurukoa, eta jatorrizko frantsesezko hitzak euskarara eta gaztelaniara itzulita abestuko dituzte.

Pablo Sorozabal konpositorearen jaiotzaren 125. urteurrenari lotuta egingo dute beste emanaldi liriko bat. La tabernera del puerto (Portuko tabernako neska) zarzuela kontzertu bertsioan emango dute: Miren Urbieta-Vega sopranoa eta Andeka Gorrotxategi tenorra izango dira buruak, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak joko du.

Anduagaren, Sancho-Peregen, Urbieta-Vegaren eta Gorrotxategiren lana goraipatu du Alfayak, baita Carmen Artaza mezzosopranoarena ere; Artazak Gustav Mahlerren 3. sinfonia abestuko du, Euskal Herriko Gazte Orkestrak eta Donostiako Orfeoiak lagunduta. «Gurean, karrera garrantzitsuena eta nazioartekoena egiten ari diren bost abeslariak dira, lehen mailakoak».

Musika Hamabostaldiak ziklo berri bat izango du aurten: Tabakalera Dantzan. Jone San Martinek Aditu bere azken koreografia estreinatuko du han, eta Lasala konpainiak Dead ikuskizuna emango du. Saio esperimental batekin itxiko dute zikloa: Lokke konpainiak Doppelgänger pieza ibiltaria egingo du Tabakaleran.

Klasikoa, zabal

Organo Zikloan, hamabost kontzertu egingo dituzte, Gipuzkoako hainbat elizatan. Aurten, Ana Belen Garciak ordezkatuko du urteetan zikloa gidatu duen Esteban Elizondo. Musika Garaikideko Zikloak Gabriel Erkoreka konpositore bilbotarra izango du ardatz: besteak beste, Bilbao Sinfoniettak Erkorekaren Ametsak 8 lana estreinatuko du. Antzinako Musika Zikloan Mancini, Couperin, Lully eta Charpentier konpositoreen lanak joko dituzte, besteak beste.

Ganberako Musika Zikloak XVII. mendetik gaur egunera arteko bidea egingo du, konpositore hauen bidez, besteak beste: Soler eta Piazzola; Turina, Ravel eta Murphy; eta Schumann, Brahms, Enescu eta Hindemith.

«Ohiko zikloei izenburu bat jartzekotan, izan liteke Xabier Euzkitzetik Miren Urbietara edo John Eliot Gardinerretik Eñaut Elorrietara», Alfayaren hitzetan. Euzkitzek Landarbaso abesbatzaren kontzertu batean abestuko du, eta Elorrietak kontzertu bat emango du Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastrerekin. «Hamabostaldia saiatzen da musika klasikoaren panorama kontuan hartzen, haren barruko formatuetara zabaltzen, espiritua galdu gabe».

Viktoria Eugenian, Ballet Flamenco de Andaluciak El maleficio de la mariposa (Tximeletaren sorginkeria) obra emango du, Vikingur Olafsson pianista islandiarrak Mozarti buruzko saio bat egingo du, eta Easo gazte abesbatzak eta Escolania Aila de Laredok ikuskizun bat egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.