Azkena Rock

Iragan gaurkotu bat

80ko eta 90eko doinuak nagusitu dira Azkena Rock jaialdiaren bigarren egunean. Emanaldi gogoangarriak eskaini dituzte Jerry Cantrellek eta Soziedad Alkoholikak, bereziki.

Mike Ness Social Distortion taldeko abeslari eta gitarrista, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko ekainaren 18a
08:53
Entzun

80ko eta 90eko doinuak nagusitu dira Azkena Rock jaialdiaren bigarren egunean. Emanaldi gogoangarriak eskaini dituzte Jerry Cantrellek eta Soziedad Alkoholikak, bereziki. Lehen eguna itzulera baten kronika izan bazen, Azkena Rock jaialdiaren bigarren jardunaldia ere ez zen oso desberdina izan. Kasu honetan, ordea, iraganera eginda itzulera bidaia bat izan zen, zehazki, 1980ko eta 1990eko hamarraldietako doinuetara. Punk rocka eta rock alternatiboa izan baitziren aurrez aurre. Belaunaldi, talde eta rockaren ahaire ezberdinek bat egin zuten Mendizabalan, maila -eta bero- handiko beste egun batean.

Gauerditik ordu erdia pasata igo ziren God agertoki nagusira Social Distortioneko kideak. Mike Ness buru, hitz erdirik ere esan gabe ekin zioten kantuak bata bestearen atzetik jotzeari: Road Zombie, Bad Luck, Bye Bye Baby... Erritmo motel antzean hasi zen kontzertua, abesti baten eta bestearen arteko eten amaigabeekin. Baina aurrera egin ahala egin zuen gora ikuskizunak ere, eta zeresan handia izan zuen publikoak horretan. Lehen unetik erakutsi baitzuten dena emateko prest zegoela.

Iraganeko nostalgia erabiltzen du Social Distortionek amu gisara; ez du besterik eskaintzekorik, baina balio dio. Punk rockaren ikurretako bat taldea, eta urteak dira diskorik argitaratu ez duela. Bada, beti galdera berari erantzuten nekatuta, Nessek zaleei zin egin zien aurki kaleratuko dutela lan berria. Bilduma horretan egongo den kantu bat ere aurreratu zuen. Gustura zen Azkenako zaleekin abeslaria, eta haiekin argazki erraldoi bat atera ostean, taldearen ereserki den Story of my life ahoz gora kantatzeko eskatu zien, Mendizabala karaoke erraldoi bilakatzeko.

90eko hamarkadako rockari helduta dator Afghan Whigs ere. Bueltan dira berriz, eta nola gainera. Greg Dulli buru, taldeak argi erakutsi zuen beraien musikari etiketak jartzen zail izanagatik ere ongi dakitela zer egiten duten. Ez zuten mugimendu askorik behar izan, ez eta entzuleekin hartu-emanik eduki ere: agertokira igo eta gitarrak astindu baino ez zuten egin, marka propioa utzita, hori bai. Taldeak How Do You Burn? irailean kaleratuko duen diskoko abestiak aurreratu zituen, baina pieza ezagunagoak ere jo zituen. Eta une oro izan zen Mark Laneganen presentzia, nola taldekideengan, hala entzunleengan. Ordubeteko saio laburra eman zuten, eta beharbada horregatik geratu ziren zale asko gehiagoren zain. Txistuka amaitu zuten azkenean, agertokira itzultzen ez zirela ikustean.

Bueltan da, halaber, Delirium Tremens ere. Hiru hamarkadako etenaren ostean itzuli da taldea. Barakaldoko (Bizkaia) BEC-en eman zuten itzulerako kontzertu handia, eta Azkenan eman dute bigarrena, tartean zuzeneko txiki batzuk egin badituzte ere. Hirugarren agertokian jo zuten, eta entzuleek aukeratu egin behar izan zuten Afghan Whigsen eta haien artean. Jarraitzaile ugari bildu zuten, nolanahi ere.

Andoni Basterretxeak agurra egin eta Ihes kantuaren lehen akordeak nahikoa izan ziren bertaratu zirenak saltoka jartzeko. Nostalgiak erabat harrapatu zituen horietako asko. Gutxinaka klasikoak agertzen hasi ziren, ordea, eta une bereziki hunkigarria izan zen Ikusi abestiarena; izan ere, zale askok mugikorrarekingrabatu nahi izan zuten momentu hura: euskal rockaren historiako kantu bat berriz zuzenean jotzen ari zirenekoa, alegia.

Agertokiaren jabe egitea

Iragana ez da rockaren aberri bakarra. Hori ongi dakite Drive By Truckers taldeko kideek; etengabe sortzen ari den taldea baita -hiru disko argitaratu ditu azken bi urteetan-. Welcome 2 Club XIII da eman berri duten azkena, eta hura aukeztu zuten Gasteizen. Ohi duten moduan, AEB hegoaldeko doinuetara lerratzen den country rock doinuak eskaini zituzten. Gitarra erakustaldia eman zuten, eta jendeak eskertu zuen ahalegina, nahiz eta soinuarekin arazo txiki bat ere izan zuten. Eguzki izpiek gogor jotzen zuten artean, eta rockak, izatez, nahiago du gaua. Baina aho zapore ona utzi zuten, eta zaleek ere saltoka eta txaloka amaitu zuten kontzertua.

Jerry Cantrell ere disko berria aurkezten izan zen Gasteizen. Alice in Chains taldeko abeslari eta gitarristak, 20 urte zeramatzan bakarkako lanik argitaratu gabe. Brighten eman zuen iazko urrian, bere hirugarren lana. Hain zuzen, izen bereko kantuarekin eman zion hasiera kontzertuari. Gitarra riff astun distortsionatuekin nahiz ahots harmoniekin bete zuen agertokia. Bereak nahiz taldearenak jo zituen Cantrellek, Man in a box edo No excuses kasurako, eta horiek ahozgoran kantatu zituzten ikus-entzuleek. Ikuskizun borobila eskaini zuen azkenerako grunge doinuen aintzindarietako bat denak.

Eguneko emanaldirik gogoangarriena, ordea, Soziedad Alkoholikarena izan zen. 1988an eratu zenetik hamaika bide ibili ditu Gasteizko trash metal taldeak, baina atzo arte Azkenen aritu gabea zen. Hala gogorarazi zuen Juan Aceña abeslariak oholtzara igo bezain pronto: «Oraindik inoiz Azkenara etorri gabeak ginen zarata egitera. Gaur da eguna, beraz». Ikusmina bazegoen, eta jendetza erakarri zuten.

Bigarren agertokia txiki utzi zuten, hala ere. Aurreikuspen guztiak birrindu zituzten; emanaldi indartsua eskaini zuten, frenetikoa, historikoa. Eta denak lagundu zuen horretarako: argiztapenak, su eta ke zutabeak, eta jarraitzaileen parte hartzeak. «Inoiz ez gara gaur bezain gazteak izango, beraz, goza dezagun. Mundua okerrera doa eta ez dirudi aldatzeko joerarik duenik», esan zuen abeslariak amaieran. Zertarako etorkizunari begiratu, iraganari begiratu ahal bazaio?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.