Hiriak

Herritarrak lehenetsiko dituen hiri eredua eskatu dute Donostian

2.000 lagun mobilizatu dira Donostiako udal gobernua sustatzen ari den ereduaren kontra, antolatzaileen arabera. Hiriaren turistifikazioa, etxebizitza larrialdia, eta hirigintza politika «erasokorrak» salatu dituzte, besteak beste. 46 eragilek egin dute bat deialdiarekin, eta elkarlan horrek «segida» izango duela aurreratu dute.

Manifestazioaren burua, mobilizazioaren lehen metrotan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko ekainaren 18a
21:20
Entzun

Egungoaren oso bestelako Donostia bat, herritarren beharrek gidatua, kapitalaren interesek bainoago. Horixe aldarrikatu dute 2.000 lagunek baino gehiagok Gipuzkoako hiriburuan, antolatzaileen arabera, hiriko 46 eragilek deitua zuten manifestazioarekin bat eginda. Hirian bogan dagoen ereduak kezkatuta elkartu dira mugimendu horiek, iritzita udal gobernua sustatzen ari den ereduak ondorio «gero eta kaltegarriagoak» eragiten dituela herritarren bizi baldintzetan. «Etxebizitza larrialdia», «ekonomia eredu prekarizatzailea», kalearen merkantilizazioa», «hiriaren elitizazioa», «hirigintza politika erasokorrak» eta «ondare arkitektonikoaren suntsiketa» zerrendatu dituzte horien artean.

Hain justu, azken horren erakusle agerikoenetakoa den eraikinetako baten lekuko izan dira mobilizazioaren lehen metroetan: Arte Ederren eraikinarena. Eusko Jaurlaritzak kultur ondare izendatutakoa luxuzko hotel bat eraikiko dutela jakin da berriki.

Lelo oihukatuenak, ez alferrik, hiriaren turistifikazioaren eta espekulazioaren kontrakoak izan dira. Hala iritsi da manifestazioa Parte Zaharrera, arazo horren ispilu nagusia den eremura, «Hotel gehiago ez» eta «etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko» oihu artean.

Larunbat arratsaldea izaki, salatzen ari ziren ereduaren erakusle izan da hiriaren erdigunea: turista ugari harriduraz mobilizazioari so, ezohikoa hori bailitzan.

Olatuak «itsasoan»

Zerbitzuei eta turismoari emandako hiri eredua eta horren ondorioak ez ezik, hirigintza proiektuak ere salatu dituzte. Olatuak «itsasoan» nahi dituztela aldarrikatu dute, Martutene auzoko Antondegi parkean ezarri asmo duten olatu artifizialezko surf parkearen harira, eta metroaren kontrako aldarriak ere izan du presentzia. Donostiako Udala sustatzen ari den «hirigintza politika erasokorraren» adibide dira horiek, antolatzaileek manifestazioaren azpimarratu zutenez. Baina ez horiek bakarrik: zaku hortan sartu dituzte «auzo guztietan egitasmo urbanistiko polemikoen ugaritzea, hotel eta alojamendu turistikoak mugagabe hedatzea, merkatalgune handi gehiago zabaltzea eta udalerrian gero eta urriagoak diren ingurune naturalen nahiz baserri-lurren txikizioa dakarten proiektuak».

Josune Dorronsoro metroaren kontrako Satorralaia mugimenduko kideak eta Andoni Lamarka Ondare-SS Donostiako hirigintza ereduaren aurkako eragilekoak hartu dute hitza mobilizazioaren amaieran, Alderdi Ederren, eta 46 eragileen artean egindako idatzia irakurri. «Epe motzeko etekinek soilik gidatutako» ereduaren aurrean, «herritarren eta auzoen beharrei begira» jartzeko deia zabaldu dute, eta, horretarako, antolaketaren beharra nabarmendu. Gaurkoan «kezka berdintsuak partekatzen dituzten» eragileek bat egin moduan, aurrerantzean ere elkarlan horrek «segida» izango duela iragarri dute, eta horretan parte hartzera animatu zituzten bertaratutakoak.

Aldi berean, horren premia ere mahaigaineratu dute. Izan ere, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko prozesua abiatu du Donostiako Udalak, eta, orain arteko moduan jarraituz gero, etorkizuna «gehiago baldintzatzeko eta serioski kaltetzeko arriskua» dagoela ohartarazi dute. Zentzu horretan, udalak «indar ekonomiko nagusiekin bat ez datozen» iritziei «entzungor» egiten diela salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.