Suteak Nafarroan

Galipentzu eta Erreniegako suteak dira kezka iturri nagusiak

Hamahiru herri hustu dituzte, 800-900 pertsona denera.

jon ordonez garmendia
2022ko ekainaren 19a
06:28
Entzun

Suak ikusmira beldurgarria utzi du Nafarroan igandean ere. Larunbatean bezala, aspaldian ez bezalako suteak izan ziren atzo, Ezkaba menditik Valtierraraino, eta izua eta tristura elkarren eskutik ibili ziren hara eta hona, sugarren aurretik eta ondoren. Nafarroako Gobernuak suteen larrialdietarako eta babes zibiletako planen 2. maila aktibatu zuen larunbatean, eta lasaitasuna eskatu du asteburuan ere. Bi egunez suaren kontra lanean aritu ondoren, ordea, emaitza hau da: hainbat sute kontrolatu gabe daude oraindik, hamahiru herri hustu dituzte, eta zortziehun pertsona inguruk etxetik kanpo pasatu behar izan dute gaua. Javier Remirez Nafarroako lehendakariordeak iragarri du oraingoz mantendu egingo dutela babes zibiletako planen 2. maila, datozen orduak ere oso biziak izango direlakoan. Pozik agertu da, ordea, ez delako inor larri zauritu, eta «kalte pertsonalak» urriak izan direlako. Sua hasi zenetik, etenik gabe aritu dira suhiltzaileak, basozainak, poliziak eta larrialdi zerbitzuetako kideak sua itzaltzeko lanetan, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako suhiltzaileak ere aritu dira.

Ikusi gehiago:Argazki bilduma

Remirezek beharrezkorik ez den bidaiarik ez egiteko eskatu die herritarrei. Gobernuaren lehentasuna inor ez zauritzea dela esan du. Nekazariei agindu diete bertan behera uzteko makinekin egitekoak dituzten lanak, eta Los Arcosen laborari bat atxilotu dute arau hori hausteagatik eta poliziei aurre egiteagatik. Hainbat iturriren arabera, baliteke uzta biltzeko lanetan piztu izana suak; uzta jasotzeko sasoia da hau, eta, azken asteetako lehortearen ondorioz, edozein gar nahikoa da sute handi bat eragiteko.

Amparo Lopez Barne zuzendariak esan du eskura izan ditzaketen baliabide guztiak dituztela. «Egoera zaila da», esan du, baina. Los Arcosko sutea kontrolatzeko bidean zirela adierazi zuen atzo, eta kezka handiena Olletako suak eragiten ziela ere aitortu zuen. Gesalatz ibarrean, Olletako sua berriro piztu zen larunbat gauean, eta Etxarren, Arguiñariz eta Girgillao hustu zituzten. Gero, San Martin Unx hustu zuten, eta azkenik, Uxue. Igande arratsaldean, Makirriain, Santsoain, Amatriain, Olleta, Biguria eta Lerga hustu zituzten. Bart gauean, Galipentzu ere hustu dute. Ezkaban ere sua piztu da asteburuan, eta Erriberan Arguedas inguruan piztu zena egonkor dagoela jakinarazi zuten atzo.

Igandean, zazpi sute egon dira piztuta, eta horietatik bost kontrolatu gabe izan dituzte hainbat unetan. Goizean goiz, egoerarik txarrena Orbaibarkoa izan zen: sua piztu zen Uxuen, eta San Martin Unxera iritsi zen. Bigarren herri hori hustu egin zuten goizean, eta, Euskadi Irratiak jakinarazi zuenez, herriko eraikinak salbatzeko lanetan aritu ziren. Azkenean, inguruak erre diren arren, herria salbu dago. Gero, ordea, suak Uxuerantz egin zuen, eta arratsaldeko lehen orduan herri hori hustu behar izan zuten, sua hurbil zegoela eta. Gari soroak daude inguru horretan, eta, orduko 30 kilometroko haize boladekin, azkar zabaldu zen. Tafallako belodromoa egokitu dute sanmartindarrak hartzeko. Une honetan, Galipentzu, Olleta eta Erreniegako suteak dira kezka iturri nagusiak.

Gaur, 35 graduraino

Atzo tenperatura apur bat jaitsi bazen ere, bero handia egiten jarraituko du datozen orduotan, eta Nafarroa erdialdean 35 gradu ingurura iritsiko da termometroa. Euririk ez du egingo. «Egoera kritikoa da», aitortu zuen atzo berriro Javier Remirez presidenteordeak. Larunbat iluntzean haizeak norabidez aldatuko zuela espero zen, eta, leku batzuetan lagungarri izan bazitekeen ere, beste batzuetan ez du batere lagundu. Larunbatean hamabost herri inguru hustu zituzten sua hurbil zegoelako, eta horiei beste lau gehitu zitzaizkien gauean, Legardako sutearen hurbiltasunagatik: Muzki, Biguria eta Arzotz Gesalatz ibarrean, eta Artazu, Mañeruibarren. Done Jakue bidea egiten ari direnei ez ateratzeko eskatu diete, eta aterpetxeetan geratzeko.

Valtierrako eta Arguedasko bizilagunak etxera itzuli ahal izan ziren atzo. NA-121 errepidea, ordea, itxita egon zen Valtierran, Los Abetos hotelaren parean. Gogoratu behar da duela sei hilabete aspaldian ez bezalako uholdeak izan zirela Nafarroan, eta orduko horretan errepide hori leku horretan ere itxi egin behar izan zutela, Ebro ibaiak gainezka egin ostean. Beroak eta lehorteak gutxienez asteazkenera arte iraungo dutela iragarri dute.

Suteak zerk piztu dituen galdetuta, Remirezek esan du ikertzen ari direla, baina lehen susmoen arabera, denek ez dutela jatorri bera. Batean, gutxienez, esan du gizakien jardunak ez duela zerikusirik izan, baina beste batean bai: nekazaritza lanen ondorioz piztu da sua. Dena den, «okerrak izan daitezkeen bakarkako jokabideez haratago», nekazariei eskerrak eman dizkie dituzten baliabideak larrialdi zerbitzuen esku uzteagatik: «Asko erraztu digute lana».

Lasai egoteko deia

Egoeraren argazki orokorra azaltzeko eta herritarrei «lasaitasunerako eta erantzukizunerako» mezua helarazteko agerraldi bat egin zuten atzo ere Remirezek eta Lopezek, Iruñeko larrialdi zerbitzuen egoitzan. Suteen ondorioz, itzaltze lanetan ziharduten bi langile ospitaleratu dituzte kea irentsi dutelako, baina gainerakoan ez dago zauriturik. Kaltetutako inguruetako herritarrei etxean geratzeko gomendatu diete, agintariek kontrakoa esaten ez duten bitartean. Irizpidea da sua herrietara gerturatzen denean etxeak hustea.

Remirezek onartu du sute asko izateak baliabide aldetik «estres egoera bat» ekarri duela. Larrialdi zerbitzuak beren baliabide guztiak erabiltzen ari dira. Gainera, laguntza eskatu diote Espainiako Gobernuari, airez suak itzaltzen lagun diezaien. Espainiako Gobernuak bere baliabideak eman arren, inguruko lurraldeetan (Errioxan eta Aragoin, kasurako) antzekoa da egoera, eta han ere dituzten baliabide guztiak ari dira erabiltzen itzaltze lanetan. Espainiako armadaren larrialdietarako unitateak esku hartzea ere galdegin du gobernuak. Ur hegazkin bat Allozko urtegitik ari da ura hartzen sua itzaltzeko.

Helikopteroetako batek Nafarroa erdialdea zeharkatu du airetik suteen argazki orokorra izateko. Suterik larriena Legardakoa izan zen atzo. Autobidearen eta gasolindegi baten inguruan piztu zen, eta hainbat herritar ebakuatu behar izan zituzten. Nafarroako larrialdi zerbitzuak jakinarazi zuenez, lehen aipatutakoez gain, sute horrengatik Obanos, Legarda, Muruzabal, Belaskoain, Zabaltza, Bidaurreta, Etxauri, Ziritza eta Ubani herriak hustu zituzten, eta Garesko hiru auzo.

Halaber, Erriberan, Arguedasen, beste sute bat piztu zen, Bardean, eta Sendaviva parkea hustu behar izan zuten —2.500 lagun inguru zeuden parkean—. Suteak aurrera egin zuen arratsaldean, eta, ondorioz, Valtierrako etxe batzuk ere hustu zituzten. Sendavivako arduradunek ohar bidez azaldu zuten han dauden animaliak «salbu» daudela, «haietako batzuk tokiz mugitu ostean». Olletan, Tafallan, Alaitz mendilerroaren hegoaldean (Unzue mendiaren iparraldean) eta Arroitz inguruan, Los Arcosetik gertu, beste sute bana piztu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.