Parte hartzea %38,11 izan da 17:00etan, Frantzian

Frantziako hedabideen arabera, Frantziako Asanblearako bozetako abstentzioa %54 izanen da, joan den igandean baino %1,1 gehiago.

Bozkaleku bat, gaur goizean Hendaian. GUILLAUME FAUVEAU
2022ko ekainaren 19a
13:45
Entzun

Lehen datuen arabera, Frantziako Asanblearako bozen bigarren itzulian apur bat apalduko da parte hartzea Frantzian, lehen itzuliarekin alderatuta. 17:00etarako herritarren %38,11k zuen botoa emana, gaur zortzi baino %1,31 gutxiagok. Hauteskundeen lehen itzulian %39,42k eman zuen botoa arratsalderako. Frantziako hedabideek egindako estimazioen arabera, parte hartze orokorra lehen itzulian baino pixka bat apalagoa izanen da ororen buru: %46ko emaitza aipatu dute.

2017ko hauteskundeekin alderatuta ere igo egin da parte hartzea. Orduko horretan %35,33ak bozkatu zuen arratsaldean. Apirileko presidentetzarako hauteskundeekin alderatuta, baina, nabarmen jaitsi egin da, espero zitekeekin bezala. Apirilaren 24ean, bigarren itzuilan, %63,23 izan ziren arratsaldean botoa ematera hurbildu zirenak.

Ipar Euskal Herriko datuak ezezagunak dira oraingoz. Pirinio Atlantikoeta departamenduan herritarren %45,77 hurbildu da hauteslekuetara arratsaldeko 17:00etarako. Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan NUPES eta Esemble koalizioen arteko lehia izanen da. Lehen itzulian, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aldeko hautagaiak gailendu ziren.

Jarraipena Berrian eta Euskal Irratietan

Gaur arratsaldean itxiko dituzte bozkalekuak, eta BERRIAk emaitzen kontaketaren berri emango du, hiru arreta gune nagusirekin: Ipar Euskal Herria, Frantzia eta Korsika. Webgunean Euskal Herriko hiru barrutietako emaitzak emango ditu, grafikoen bitartez. Gainera, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herri guztietako datuen mapa bat kontsultatu ahalko da. Iparralde osoko emaitzak batuta, boz gehien bildu duen hautagaitza zein den ere jakinaraziko du BERRIAk.

Euskal Irratiek emankizun berezi bat egingo dute, 18:00etan. Euskarazko lau irratietan FM bidez eta Internet bidez entzuteko aukera izateaz gain, BERRIAren webgunean ere jarraitu ahalko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.