Hezkuntza Legea

Steilas: «Itunpeko ikastetxeen eskaintza guztiz puztuta dago»

Hezkuntza sindikatuak ohartarazi du eskola publikoaren «desegitea» dagoela jokoan. Salatu dute ikastetxe pribatuei gelak itundu ahal izateko gutxieneko ratioa hamazazpitik hamahirura jaitsi dietela.  

Steilaseko Ainhoa Astigarraga eta Nagore Iturrioz, gaur goizeko prentsaurrekoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2022ko ekainaren 20a
13:23
Entzun

Gogor kritikatu du Steilas sindikatuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berriaren norabidea. Goizean, Bilbon egindako prentsaurreko batean, Ainhoa Astigarraga kideak adierazi du Hezkuntza Sailak «nabarmen» erakutsi duela «zer gutxi estimatzen duen sare publikoa»: «Sare pribatua hezkuntza sistemaren ardatzean ipini nahi du, eta publikoa haren osagarri bihurtu».

Ikasleentzako postuen eskaintzan ipini du arreta sindikatuak. «Itunpeko ikastetxeen eskaintza guztiz puztuta dago», esan du Astigarragak, eta Oñatiko egoera aipatu du. Han, Haur Hezkuntzako 3. urtean ikastetxe pribatuek 125 postu eskaintzen dituztela salatu du Steilasek, eta bakarrik 55 ume daudela maila horretan matrikulatuta.

Eman dituzten datuen arabera, Andoainen sare publikoaren eskaintza herriko eskaintza osoaren %13koa da, eta herri eta hiri gehienetan —Tolosan, Arrasaten, Zarautzen, Bermeon, Gernikan, Donostian...— sare publikoaren eskaintza ez da iristen %40ra. «Itunpeko ikastetxeek planifikatuta duten eskaintza hain da handia,non inguru horretako balizko ikasleen %90 jasotzeko adinakoa den», deitoratu du Astigarragak.

Eskola publikoa, arriskuan

Sindikatukoek azaldu dute eskola publikoak, ordea, ez daukala «gaineskaintzarik» urtero neurtzen delako. Zehaztu dutenez, dekretuak sare publikoko ikastetxeen betekizunak «zorroztuko» ditu, eta lerro bakarreko ikastetxeak ixteko edo fusionatzeko arriskuan ipiniko dituzte, «baliabideak optimizatzeko».

«Orain daukaguna betikotzen bada, oso erraz aurreikusten dugu eskola publikoaren desegite progresiboa biziko dugula», ebatzi du Astigarragak. Gainera, jaiotza tasaren beherakadarekin «joko zelaia» eta «lehiatzeko aukerak» erraztu zaizkiela gehitu du. «Gutxieneko ratioetan oso nabarmena da: lehen, hamazazpi behar zituzten gela bat ituntzeko, eta, orain, hamahirurekin ahalko dute egin».

Legebiltzarreko alderdiei planifikaziorako dekretu proiektua ez onartzeko eskatu die Steilasek, eta «denona eta denontzat den» eskola publikoari «erdiguneko tokia» ematea exijitu. Baldintza horiek bete ezean kalera aterako direla iragarri dute, baita edozein eskola publiko ixten badute ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.