Israel

Israelen parlamentua desegin eta bozetara deituko dute

Bosgarrenez egingo dituzte hauteskundeak hiru urte eta erdiko epean. Lapidek ordezkatuko du Bennet lehen ministro karguan, gobernu berria eratu arte.

Naftali Bennett Israelgo lehen ministroa (eskuinean) eta Yair Lapid Atzerri ministroa (ezkerrean), artxioko irudi batean. GIL COHEN-MAGEN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko ekainaren 20a
21:55
Entzun

Israelgo Parlamentua datozen egunetan desegingo da. Naftali Bennett lehen ministroak eta Yair Lapid Atzerri ministroak horretarako proposamen bat aurkeztuko dutela jakinarazi zuten atzo, koalizio gobernu barruko krisiaren aurrean amore ematea erabaki ostean.

Bozketak data jakinik ez duen arren, Israelgo hainbat hedabidek adierazi dute astelehenean egingo dutela, eta, beraz, hauteskundeak urriaren 25ean izango direla ziurrenik.

Ordura arte, Lapidek ordezkatuko du Bennett gobernuburu karguan. Oraindik lehen ministro denak prentsaurreko batean adierazi zuen erabakia ez dela erraza izan, baina gobernuari segida emateko «aukera guztiak» aztertu dituztela, eta azkenean «erabaki egokia» hartu dutela.

Koalizio gobernuak joan den ekainaren 13an bete zuen urte bateko ibilbidea, baina aurrera egin ezinik zebilen apirilaz geroztik, Yamina alderdiko parlamentari batek gobernuari babesa erretiratu eta hark parlamentuan gehiengoa galdu zuenean. Yamina Bennetten alderdia da, eskuin muturrekoa. Barne zatiketa are sakonagoa egin zen parlamentuaren zati batek kolono juduei begirako neurri berezi bat berritu nahi izan zuenean. Haren arabera, Israelgo zuzenbidepean bizitzeko aukera dute Palestinako lurretan eraikitako kolonietan bizi diren juduei. Parlamentari palestinarrek neurria gaitzetsi zuten.

Lapidek eta Bennettek ezohiko koalizio gobernua osatu zuten iazko ekainean, bi urteko blokeo politikoaren ostean. Akordio horren bidez, Benjamin Netanyahuren 12 urteko agintaldia eten zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.