Kongoko Errepublika Demokratikoa

Belgikak Patrice Lumumbaren hortzetako bat itzuli dio haren familiari, hura hil eta 61 urtera

Epaitegi batek sendiaren aldeko epaia eman eta ia bi urtera itzuli diete Kongoko Errepublika Demokratikoko lehen ministro izandakoaren gorpuzkia. Alexander De Croo Belgikako lehen ministroak aitortu du Lumumbaren kasuari buruzko egia «mingarria eta ezatsegina» dela, «baina esan beharrekoa».

Lumumbaren senideak eta haren hilkutxa, atzo, Bruselan egin zuten ekitaldian. OLIVIER HOSLET / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko ekainaren 21a
12:14
Entzun

Patrice Lumumbaren sendiak jaso du, behingoz, Kongoko Errepublika Demokratikoko lehen gobernuburu demokratikoa izan zenaren hortza. Hori da, ustez, geratzen den Lumumbaren arrasto bakarra. 1960ko abenduan Mobutuk jo zuen estatu kolpearen ostean, 1961eko urtarrilean, exekutatua izan zen Lumumba, besteak beste agente belgikarrak eta estatubatuarrak lekuko zirela; orduan kendu zioten hortz hori. Kongoko Errepublika Demokratikoaren independentziaren heroietako bat zen.

Lumumbaren familiak bide luzea egin behar izan du epaitegietan hortza eskuratzeko. Lehen ministro ohiaren alaba batek egin zuen eskaria, Belgikako Fiskaltzak babestu egin zuen, eta epaitegi batek duela ia bi urte eman zuen haien aldeko epaia. Epaitegietako bidea, ordea, ez dute amaitu: gerra krimenak ere salatu zituzten 2011. urtean, eta babesa erakutsi die Frederic Van Leeuw fiskalak.

Atzo egin zuten gorpuzkia emateko ekitaldia, Bruselako d'Egmont jauregian, eta han izan ziren buruzagi independentista zenaren dozenaka senide. Baita Alexander De Croo Belgikako lehen ministroa ere, eta 1960ko hamarkadan Belgikako Gobernuko ministro izan zirenek «erantzukizun morala» dutela esan zuen: «Egia mingarria eta ezatsegina da, baina esan beharrekoa».

Dena den, esan zuen ez dagoela frogarik erakusteko Belgikako Gobernuak eta armadak Lumumba hil nahi zutela: «Jakin behar zuten haren bizia arriskuan jartzen ari zirela, eta eragotzi egin behar zuten. Ez ikusiarena egitea aukeratu zuten, ordea», aitortu du.

61 urte

Belgikak aurkeztua du barkamen eskari ofizial bat Lumumbaren heriotzan izan zuen erantzukizunagatik. Hura exekutatu eta hurrengo egunean, azidotan desegin zuten; aurretik, ordea, bi hotz kendu zizkion Belgikako polizia batek. 61 urte geroago itzuliko diote haietako bat lehen ministro izan zenaren sendiari, eta gaur gauean eramango dute Kongoko Errepublika Demokratikora.

Lumumba, kolonialismoaren aurkako ekintzailea eta Kongoko Mugimendu Nazionaleko presidentea, 1960ko ekaineko hauteskundeen ostean izendatu zuten Kongoko Errepublika Demokratikoko lehen ministro. Baina, irailean, Joseph Kasa-Vubu presidenteak Lumumba eta gainerako ministro nazionalistak kargugabetu zituen, eta, abenduan, Mobutuk estatu kolpea jo zuen, CIAren eta Belgikaren babesarekin. SESBek Lumumba babestu zuen. Egun gutxi geroago, 1961eko urtarrilaren 17an exekutatu zituzten Lumumba eta haren alderdiko hainbat buruzagi. 1966. urtean heroi nazional izendatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.