Oporrak Euskal Herrian

Natura, kultura eta ondare aberatsa Tolosaldean

Naturaz, kulturaz eta ondareaz gozatzeko hainbat bisita egin daitezke Tolosaldean. Paisaia txundigarriz inguratuta, askotariko plan ederrak egin daitezke familiarekin edo lagunekin tradizio handiko eskualde honetan.

Zenbait lagun, Burutzunzineko antzinako kobre meategiaren aztarnak ikusteko txango bat egiten. TOLOSALDEA GARATZEN
2022ko ekainaren 21a
14:34
Entzun

Tolosaldean, begi bistakoa da naturarekin eta inguruarekin dagoen lotura. Tradizio handiko eskualde bat da, ohiturak eta bizitzeko moduak bizi-bizirik mantendu diren Euskal Herriko txoko bat, eta naturak hamaika jarduera egiteko aukera eskaintzen du, pasaia zoragarri batean.

Guztira, 28 herrik osatzen dute eskualde hori, eta Gipuzkoako eskualdeen artean herri gehien duena da. Kopuru handi horrek balio izugarria ematen dio eskualdeari, herri guztiek baitituzte beren ondarearen parte diren istorioak eta ezaugarriak, eta den-denak baitira Tolosaldearen aberastasunaren parte.

Hernioko atea

Alkizan eta Asteasun plan berezi bat egin daiteke. Goizean, esaterako, mendira joan. Hernio-Gazume mendigunea Tolosaldearen bihotzaren parte handi bat da, babes bereziko gunea. Bertan, balio ekologiko handia duten hainbat habitat eta espezie ezagutu daitezke. Alkizako plazatik abiatuta, zailtasun ezberdineko hiru ibilbide daude.

Hernio inguruan, Fagus Alkiza Hernio-Gazumeko Interpretazio Zentroa dago. Alkizan bertan, hain zuzen. Hernio-Gazume babestutako eremuaren nondik norako guztien berri ematen du, eta ibilbide gidatuak egiteko aukera ere eskaintzen du.

Mendi bueltaren ostean, Alkizako Ur Mara museoa bisitatzea da aukeretako bat. Naturan murgilduta dago, eta Koldobika Jauregi artista ezagunak egindako obra ikusgarriez goza daiteke. Eskulturen edertasuna, errekastoen xuxurla eta zuhaitzen hostoen dantzek mundu magiko batera eramango ditu bisitariak.

Ur Mara museoak familia eta ume taldeentzako tailerrak egiteko aukera ere ematen du. Bisita gidatuak aldez aurretik erreserbatu behar dira, 609-465 942 telefono zenbakira deituta edo mail@urmara. com helbide elektronikoa idatzita.

Ondoren, arratsalde ezin hobea igaro daiteke Bernardo Atxaga idazle ezagunaren literatur mundura daraman Asteasuko Muskerraren Bidean paseotxo bat eginda, Asteasuko paisaietan oinarritu baitzen hainbat lan idaztekoan. Bi kilometroko ibilbide laburra da, nork bere kasa egin dezakeena. Bernardo Atxagaren istorioak jasotzen dituzten informazio panelak daude ibilbidean, eta egilearen beraren azalpen grabatuak entzun daitezke zenbait paneletan agertzen diren QR kodeen bidez.

Irteera Asteasuko goiko auzoan dago, Pello Errota eskolaren ondoan. Hortik aurrera, lurrean margotutako musker urdin txikiek gidatuta egiten da bidea.

Familia bat, Muskerraren Bidean. OTARDI LANDA ATERPETXEA

Galdutako argiaren bila

Amezketako altxor ezkutuak eta kultura ezagutzeko bisita gidatua da Argi galduaren bila, ahoz aho transmititu den ondare immaterialaren berri jakiteko. Argizaiolak dira protagonistak: hildakoen omenezko kandelaren taulak. San Bartolome eliza da tradizio hori mantentzen duten azken elizetako bat. Hilobiak lurrean daude, eta senide bakoitzaren aulkia hilobiaren gainean dago.

Amezketan, Pello Zabala gunea zabaldu berri da, Amezketako ondare kulturalaren eta naturalaren interpretazio zentroa. Besteak beste, argizaiolei, Aralar mendilerroari, Arritzagako haran glaziarrari, Zazpiturri iturburuari eta Fernando Amezketarra bertsolari eta plazagizon ospetsuari buruzko informazioa ematen du. San Bartolome elizako argizaiolak ezagutzeko bisitaren abiapuntua bertatik egiten da. Halaber, errota bat duenez, talo tailerrak ere eskaintzen ditu, eta inguruan egurrezko mahaiak dauzka, naturaz eta errotaren ondotik jaisten den errekaren soinuaz lasai gozatu ahal izateko.

Talo tailerra, Argi galduaren bila bisita gidatua nahiz Pello Zabala gunea bisitatzeko, aurrez erreserbatzea ezinbestekoa da, 657-370 156 telefonora deituta edo whatsapp bat bidalita.

Pello Zabala guneko errota. AMEZKETAKO UDALA

Arritzagako haran glaziarra

Natura maite dutenek ezagutu beharrekoa da Aralar mendilerroan dagoen Arritzagako haran glaziarra. Itxura alpinoa duen haran eder eta aberatsa da. Izan ere, Euskadiko glaziar bakarrak utzitako arrastoak eta 900 metroko altueran kokaturik dauden Burutzunzineko antzinako kobre meategiaren ondarea gordetzen ditu. Ibilbide eder bat egin daiteke Aralarko txoko hau ezagutzeko, Amezketako San Martinetik abiatuta. Kobrearen ustiapenean, Burutzunzineko meategia oso garrantzitsua izan zen Euskal Herrian, eta baita Iberiar penintsulan ere, historiaurreko kobrezko meatzaritzan.

Haran horretan dauden baliabideak oso baliagarriak izan dira, eta, ondorioz, hainbat ustiapen egitasmo ekarri ditu. Horiek aztarna handiak utzi dituzte paisaian: lurraren kareharrian irekitako zulo artifizialak, bokaminak, lurpeko galeriak irekitzeagatik eratorritako hondakinen metaketak… Bide zaharrei jarraituta, bisitariak azken 4.000 urteetako kobre meatzaritzak utzitako arrasto txundigarriak ikus ditzake.

Meategien aztarnak Arritzaga errekaren eskuineko hegalean daude. Galerietan, kobre zainak ustiatzen ziren, eta mineralak birrindu —birrindutako minerala biltegiratzeko eraikina da gaur egun ikusten dena—, eta ibai ondoan garbitzen zuten —garbitzeko guneak eta makineria gordetzeko tailerrak kontserbatzen dira—. Bagonetetan kargatu, eta aireko kable bidez garraiatzen ziren Amezketara.

Gaur egun Buruntzunzingo mendi aterpe moduan erabili eta ezagutzen den eraikina meategien ustiapenaren azken fasean lan egin zuten meatzarien bizileku izan zen.

Informazio gehiago, www.tolosaldea.eus webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.