Athletic

Uriartek ikertu egingo du Aviñak sare sozialetan izandako jokabidea

Hark duela 9-10 urte idatzitako txio homofobo eta matxistak zabaldu dira sareetan. Hautagaitzak «onartezintzat» jo ditu, eta haien egiazkotasuna baieztatu nahi du.

ainara arratibel gascon
2022ko ekainaren 21a
15:06
Entzun

Jon Uriartek gaur aurkeztu du bere kirol proiektua, Athleticeko presidente hautatzen badute ezarriko duena. Bertan espero zen jakinaraztea nor izango zen bere apustua gizonezkoen lehen taldearen aulkirako. Baina ez da hala izan: «Oraindik ez dugu izena emango. Kirol proiektuaren mezua indartu nahi izan dugu, bestela arreta beste leku batera joango zen. Datozen 24-48 orduetan jakinaraziko dugu, kanpainaren dinamiken arabera. Baina argi dugu gure filosofiarekin eta San Mameseko zaleek gustuko duten joko motarekin bat etorri behar duela: intentsitate handikoa eta zuzena».

Hiru izen aurkeztu ditu: Carlos Aviña izango da futboleko zuzendaria, Sergio Navarro Lezamako zuzendaria eta Xabier Arrieta emakumezkoen kirol zuzendaria. Litekeena da, hala ere, Aviñarena airean egotea. Izan ere, sare sozialetan duela 9-10 urte hark idatzitako hainbat txio homofobo eta matxista zabaldu dira, eta Uriarteren hautagaitzak horiek ikertuko ditu. «Horien egiazkotasuna ikertuko dugu, eta harekin hitz egingo dugu. Behin hori eginda, erabaki bat hartuko dugu, eta Athleticeko zaleei jakinarazi». Hautagaitzarentzat «onartezinak» dira txioak. «Talka egiten dute hautagaitza osatzen dugun pertsonen printzipioekin eta balioekin».

Aviña mexikarra da, 31 urte ditu eta Amerika Mexikon eta Circulo Brujasen egin du lan. Futbolari lotutako datuen analisian aditua da. «Argi utzi nahi dugu teknologiak ez dituela pertsonak ordezkatuko. Baina horien bidez ahalik eta errendimendurik onena lortu nahi dugu jokalari bakoitzarengandik». Teknologiaren erabilera hori harrobitik hasiko da, arlo fisiko, tekniko eta psikologikoan jokalari bakoitzaren hobekuntza bilatzeko. Izan ere, Uriarteren kirol proiektuaren oinarrian jokalaria egongo da, modu indibidual batean. Horrekin batera, jokalariak ere balioetan hezi nahi dituzte.

Sergio Navarrok, berriz, Vila-realen, Levanten eta Rubin Kazanen egin du lan, eta, Aviñaren antzera, big data-n aditua da. Arrietak azken hamabost urteetan Bizkerren egin du lan, eta argi du Bizkaiko harrobian eragin behar dela, eta klubekin elkarlanean aritu proiektua garatzen eta hazten segitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.