Gerra Ukrainan

Errusiak Lituaniari ohartarazi dio «ondorio larriak» jasango dituela Kaliningradeko pasabidea blokeatzeagatik

EBk Errusian duen enbaxadoreak zehaztu du blokeo horrek Moskuri ezarritako zigor sortaren barruan dauden salgaiei soilik eragiten diela

Errusiako gerraontzi bat, Kaliningradeko lurraldetik gertu. ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTERIOA / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 21a
15:32
Entzun

Errusiak Polonia eta Lituania artean duen lurraldea da Kaliningrad —500.000 biztanle—, eta Vilniusek lurralde horretako salgaien pasabidea blokeatzeko hartutako erabakiak erabat asaldatu du Errusia, bi herrialdeen arteko krisi diplomatiko bat pizteraino. Horiek horrela, Kremlinek Lituaniari ohartarazi dionez, Baltikoko herrialdeak «ondorio zuzenak eta larriak» jasango ditu. Hala jakinarazi du gaur Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkari Nikolai Patruxevek. Haren arabera, blokeo horrek Kaliningradeko inportazio osoaren %50i eragingo dio.

Jokaleku horretan, Europako Batasunak Errusiak duen enbaxadore Marcus Ederer Errusiako Atzerri Ministerioarekin batzartu da, Moskun, krisia baretzeko asmoz. Edererrek zehaztu duenez, Lituaniako Gobernuak Kaliningradera doazen oinarrizko produktuen zirkulazioari ezarritako blokeoak EBren zigor sortaren barruan dauden salgaiei soilik eragiten die.

Nolanahi ere, Kremlinek mehatxutzat jo du Lituaniak hartutako erabakia. «Errusiak, zalantzarik gabe, erantzuna emango dio ekintza horri, eta Lituaniako herritarrek gogotik nozituko dute hori. Neurriak aztertzen ari gara, eta luze gabe ezarriko ditugu», ziurtatu du Patruxevek, Kaliningradetik bertatik, Interfax berri agentziak jasotakoaren arabera. Horrez gain, Vilniusi egotzi dio nazioarteko zuzenbidea urratzea eta Mendebaldeari men egitea. Era berean, eskatu du Kaliningradeko pasabidea «berehala» irekitzeko.

Adierazpen horien aurretik, Anton Alijanov Kaliningradeko gobernadorearekin bildu da, «garraioaren irisgarritasun arazoez» eztabaidatzeko. Halaber, lurralde horretako energia sistemaren etengabeko funtzionamendua bermatzeko neurriei buruz hitz egin dute, baita eskualde hori eta Errusiako beste eremu batzuk lotzen dituen itsaspeko zuntz optikoaren linearen mantentzearekin lotutako arazoei buruz ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.