Frantzia

Macronek gogoeta prozesu bat hasi du legealdian zer egin erabakitzeko

Frantziako presidenteak kontsultak hasi ditu oposizioko alderdiekin; LRk berretsi dio «itun logiketatik» kanpo dagoela. Estatuburuak ez du onartu Borne lehen ministroaren dimisioa.

Christian Jacon LR-ren buruzagia —ezkerrean— Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin, gaur, Eliseoan. MOHAMMED BADRA / EFE
ander perez zala
2022ko ekainaren 21a
16:39
Entzun

Asanbleako gehiengo osoa galdu ondoren, Emmanuel Macron Frantziako presidentea gehiengo baten bila ari da: maniobretarako garaia da. Egoera, ordea, hain da desberdina, bestelakoa, Macronek ez baitaki zer egin, zer ereduri jarraitu, eta horregatik nahi izan du ekimena berriz hartu. Frantziako estatuburuak duela hilabete batzuk iragarri zuen «metodo berri bat» nahi zuela agintzeko, eta, azkenean, boto emaileek behartu dute hori garatzera. Estatuburua ez da oraindik mintzatu jendaurrean bozen emaitzez eta horiek utzitako testuinguruaz; oraingoz, gogoeta prozesu batean baitago legealdian zer egin argitzeko. Agintaldirako itun bat izan daiteke aukera bat; akordioak kasuz kasu negoziatzea, bestea; eta behe ganbera desegin eta bozetara deitzea, hirugarrena.

Macronek gaur abiatu ditu kontsultak oposizioko alderdiekin, horiek agintaldiari begira duten ikuspuntuaren eta estrategiaren berri izateko. Aldi berean, gobernua Matignonen elkartu da, eta, bilera horren ondoren zenbait ministrok azaldu dutenez, badirudi Frantziako presidenteak gehiengo bat osatzea duela lehentasun; horretarako, bozketa bakoitzeko haren aliantzarenak ez diren beste 45 diputaturen babesa beharko du.

Bruno Le Maire Ekonomia ministroak esandakoaren arabera, Macron eta haren lantaldea «gobernatzeko prest» daude, eta Frantziako presidentearen aliatu eta Modem Mugimendu Demokratikoa alderdiaren buruzagi François Bayrouk gehitu duenez, estatuburua «bide bat bilatzen ari da sekuentzia hau baliagarria» izan dadin Frantziarentzat. «Ahalik eta gehien hurbildu behar gara batasun nazionalera», esan du Bayrouk.

Printzipioz, LR Errepublikanoak eskuindarrarekin —64 diputatu ditu— aliatzea litzateke pausorik errazena Frantziako presidentearentzat, baina LR-ren buruzagi Christian Jacobek —uztailean utziko du kargu hori— Macroni aurrez aurre berretsi dio «itun logiketatik» kanpo daudela. Hori bai, ate bat irekita utzi du: «Ez ditugu inoiz blokeatuko erakundeak».

Antzeko mezua izan du Frantziako presidentearentzat PS Alderdi Sozialistaren lehen idazkari Olivier Faurek. Haren ustetan, Macronek ez duenez gehiengo osorik Asanblean, «bizitza politikoa parlamentarizatu beharko du» estatuburuak: «Emmanuel Macroni esan diot herrialdea ez dagoela blokeatuta».

Behe ganberako auziaz gain, Frantziako presidenteak erabaki behar du nolakoa izango den hurrengo gobernua. Hango hedabideek gaur jakinarazi dutenez, Elisabeth Borne lehen ministroak dimisioa aurkeztu zion Macroni, baina hark ez zuen onartu, gobernuak «lanean eta jardunean» jarrai dezan. Halere, ikusteko dago Bornek legealdi osoan jarraituko duen karguan; behintzat, Olivia Gregoire eledunak gaur azaldu du datorren astera arte segituko duela gobernuburu postuan.

Talde parlamentarioak

Diputatuak atzo eta gaur iritsi dira Asanbleara, eta bihar osatuko dituzte talde parlamentarioak —Borne datorren astean elkartuko da horietako presidenteekin—. Printzipioz, ezkerreko alderdiak ez dira talde bakarrean elkartuko, PCF Frantziako Alderdi Komunistako diputatu Andre Chassaignek gaur berretsi duenez. Zehazki, itsasoz haraindiko sei diputaturekin batera, komunistek «gutxienez hemezortzi» ordezkari politikoko talde bat eratuko dute behe ganberan.

Jean-Luc Melenchon LFI Frantzia Intsumisoko buruzagiak egin zuen proposamena, atzo, baina Fabien Roussel PCFren idazkari nagusia ideia horren kontra agertu da gaur ere; PSk eta EELV Europa Ekologia-Berdeek ere iritzi bera dute. Hortaz, ezustekorik ezean, Marine Le Penen RN Batasun Nazionala izango da oposizioko lehen alderdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.