Gaztenpresak 278 enpresa eta 547 lanpostu sortzen lagundu zuen iaz

Laboral Kutxaren fundazioak babestutako proiektu bakoitzak 71.200 euroko inbertsioa jaso zuen, batez beste.

Ezkerretik eskuinera, Ibon Urgoiti Gaztenpresako presidentea, Gloria Muxika Lanbideko zuzendaria eta Inma Ramos Gaztenpresako zuzendaria. GAZTENPRESA
Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 22a
13:24
Entzun

2021eko balantzeak «emaitza onak» erakutsi ditu Laboral Kutxaren Gaztenpresa fundazioarentzat. 278 enpresa eta 547 lanpostu sortzen lagundu zuen iaz. 1.788 eskaera jaso zituzten guztira fundazioan, 2020an baino %140 gehiago. Horietatik 278 proiektuk lortu zuten haren onespena (aurkeztutakoen %15,55).

Proiektu berriei bultzada emateko finantzaketa eskuratzea «oztopoa» bada ere, iaz aurrera eramandako proiektu bakoitzak batez beste 71.200 euroko inbertsioa jaso zuen. Zenbateko horren zati bat banku maileguen bidez osatu zen: 35.618 euro proiektuko.

Gaztenpresak babestutako proiektuen %72k irauten dute, sortu eta bost urtera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako negozioen datua baino «askoz hobea da» fundazioko buruentzat; enpresen %44k ez dute irauten bost urte, Eustaten arabera.

Ekintzaileen profila

Batez beste 40 urte inguru dituzte Gaztenpresara jotzen duten eskatzaileek. Aurreko lan egoerari dagokionez, %44 langabezian zeuden, eta hiru laurden inguruk ez dute unibertsitate titulurik. Ekintzaileen %44 emakumeak dira; %56, gizonak. Hiru laurdenek banakako enpresaburu izatea erabakitzen dute, eta laurden batek sozietatea eratzea.

Duela 27 urte sortu zuten Gaztenpresa, 1994an. Ordutik hona, Laboral Kutxaren fundazioak 6.264 enpresa txiki eta 11.404 lanpostu sortu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.