Bihar BERRIA-n

Timochenkori egindako elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk, idatziz eta bideoz

Rodrigo Londoño Echeverri 'Timochenko' elkarrizketatu du Martxelo Otamendik, eta, joan den igandeko bozez ez ezik, gerrillari ohi eta politikari gisa egindako ibilbideaz eta Kolonbiaz hitz egin du harekin.

2022ko ekainaren 22a
14:01
Entzun

Kolonbian izan da Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria. Hainbat egun igaro ditu han, eta bertatik bertara ikusi ditu Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeen ingurukoak. Besteak beste, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako buruzagi ohi eta Comunes alderdiko buru Rodrigo Londoño Echeverri Timochenko-rekin egon da, eta joan den igandeko bozez ez ezik, gerrillari ohi eta politikari gisa egindako ibilbideaz hitz egin du harekin, baita Kolonbiaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz ere.

Ikusi gehiago:Haize aldaketa Kolonbian

Gustavo Petro Itun Historikoa ezkerreko koalizioko hautagaia izango da presidente, joan den igandeko bozetan Rodolfo Hernandez Ustelkeriaren Kontrako Agintarien Ligako liderrari gailendu ostean. Petroren garaipena mugarri izan da; izan ere, berrehun urtean lehenengo aldiz, ezkerreko hautagai bat izango da agintean. Mugarri bat da Timochenkoren iritziz ere, baina 2016an sinatutako bake akordioarekin lotu du Petro agintera iritsi izana: «Petro gure bake akordioari esker izango da presidente; gure bake akordioak zabaldu zion bide hori. Guk lortu dugu, bai, baina kolonbiarrak bake akordioaren alde aritu dira lau urte hauetan, eta horren fruitu ere bada Petroren presidentetza».

Bihar argitaratuko da elkarrizketa, eta idatziz eta bideoz ikusi ahal izango da.

Beste hainbat mugarri

Sei urte pasatu dira Kolonbiako Gobernuak eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek bake akordioaren oinarriak sinatu zituztenetik. Akordio horrekin eman zioten amaiera 52 urteko gatazka armatuari. 2016an izenpetu zuten, irailaren 28an, Cartagena hirian. Timochenko han izan zen, eta Juan Manuel Santos garaiko presidentearekin batera sinatu zuen herrialdearen historian kapitulu garrantzitsu bat izango zen agiri hura, etorkizuna guztiz baldintzatuko zuena.

Ikusi gehiago:Egun argiz, gau iluna argitzeko

Urtebete geroago eratu zen Herriaren Indar Alternatibo Iraultzaileak alderdia, 2017an, FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailetik sortutako beste indar politiko bat. Zuzendaritzako kideek irailaren 4an egin zuten lehen bilera, eta Timochenko hautatu zuten presidentetzarako. Hasieratik, herrialde osoko subjektu politiko guztientzat eginiko proposamen bat izan nahi zuen alderdiak, eta trantsiziorako gobernu bat zuten helburu, Kolonbiaren adiskidetzearen eta bakearen alde.

BERRIAk 2018an ere egin zion elkarrizketa bat Timochenkori. FARC alderdi politikoaren izenean presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztutako hautagai gisa hitz egin zuen nagusiki, eta, egoera gordina zela aitortu bazuen ere, baikor agertu zen. «Guztia da gerra bat hemen; borroka indartsua egiten ari gara klase menderatzaileen kontra. Hainbat konpromiso atera dizkiegu, eta orain borroka egiten ari gara betearazteko. Ziur gaude lortuko dugula; horregatik jarraitzen dugu honetan, atsedenik gabe», adierazi zuen.

Ikusi gehiago:«Ezerk ez digu atzera eginaraziko; ez gaituzte berriro mendira bidaliko»

Azkenean, ezin izan zuen aurkeztu hautagai gisa: bihotzean ebakuntza bat egin behar izan zioten, eta, horregatik, uko egin behar izan zion hautagaitzari. Horretarako denbora izan arren, alderdiak ez zuen beste hautagairik proposatu.

Gaur egun, Comunes du izena alderdiak. Iaz aldatu zuten izena: FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea ziren lehen, eta, orain, berriz, Comunes. Batzar orokor baten bidez hartu zuten erabaki hori, argudiatuta FARC kontzeptuak «erresistentziak» pizten dituela oraindik Kolonbiako zenbait sektoretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.