Harrotasunaren Eguna

Euskal LGTBI+ Behatokiak lege integral bat eskatu dio Eusko Legebiltzarrari

Goizean egin dute proposamena Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Javi West Larrañaga.
2022ko ekainaren 27a
16:59
Entzun

Euskal LGTBI+ Behatokiak Harrotasunaren Egunaren bezpera baliatu du Eusko Legebiltzarrari lege integral bat galdegiteko. Bilbon aurkeztu dute proposamena, goizean, eta Olga Alarcon kideak azaldu du «estalki» bat nahi dutela kolektiboaren giza eskubideak «behar bezala» bermatzeko eta herritarrak LGTBIfobiatik «babesteko».

LGTBI+ Behatokiak ohartarazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa atzean geratu direla beste hainbat lurralderekin alderatuta. Alarconek egin du balorazioa: «20 urte baino gutxiagoan, Euskadi LGTBI+ kolektiboarentzat erreferentziazkoa eta aitzindaria izatetik azken putz izatera pasatu da». Horri buelta emateko asmoz, proposatu dute 2022ko irailean Eusko Legebiltzarreko taldeek eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako LGTBI elkarte guztiek lan mahai bateratu bat eratzea lege integral bat onartzeko.

Legeak hainbat helburu izan behar dituela azpimarratu du LGTBI+ Behatokiak. LGTBI kolektiboko pertsonen «eguneroko diskriminazioa» eragoztea da horietako bat. Gainera, zenbait eremuren «heterogeneotasuna» bermatzeko neurriak eskatu dituzte. Adinekoen egoitzak dira horietako batzuk, «ez daitezen armairura itzuli erresidentzietara doazenean».

Gorrotoa, bizirik

LGTBI+ Behatokiak deitoratu du intersexualitatea oraindik patologiatzat hartzen dela, «eta ez giza aniztasunaren partetzat», eta irizpide ideologikoetan oinarriturik egiten direla zenbait kirurgia. Gainera, salatu dute gorroto delituek gora egin dutela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hainbat faktoreren ondorio da hori, LGTBI+ Behatokiaren ustez. Sarai Montes kideak egin du zerrenda: «eskuin muturra erakundeetara heltzea, transak baztertzen dituen feminismoaren joera totalitarioa, gure errealitatearen inguruko sentsibilitaterik ez duen sistema judiziala, eta beste alde batera begiratu duten alderdi politikoen jarrera».

Emandako datuen arabera, LGTBI komunitateko kideen aurkako gorroto delituek %47 egin zuten gora 2020tik 2021era. Esan dutenez, delitu horien larritasuna bera ere handitu da. Montes: «Orain dela hamar urte, kolektibokook ez genukeen imajinatuko Euskal Herriko herri batean gazte bat jipoitu zezaketenik homosexuala izateagatik, eta orain dela gutxi gertatu da Basaurin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.