Oporrak Euskal Herrian

Ongi pasatu Baigura aisiagunean

Aire zabaleko jarduerak egin daitezke Baigura aisiagunean, natura inguru eder batean: mendiko bizikleta, ibilaldiak, trotineta eta parapentea.

Bizikletan ibiltzen, Baigura aisia gunean. GUILLAUME FAUVEAU / IPARLA
2022ko ekainaren 28a
09:34
Entzun

Baigura mendiaren altzoan, Heleta (Nafarroa Beherea) eta Luhuso (Lapurdi) herrien artean dago Baigura aisiagunea, Lekorne (Lapurdi) herriaren lurretan. Hainbat jarduera egin daitezke han, aire zabalean: mendiko bizikleta, ibilaldiak, trotineta eta parapentea. Horrez gain, badute eskaladan aritzeko eskaintza, baita zuhaitzen artean soken bidez egiteko jarduerak ere. Jarduera orotan profesionalen laguntza izaten da.

Oinez ibili nahi dutenek badute inguruko fauna, flora eta geologia ezagutzeko ibilbide bat, euskarazko panelek lagundurik; familia osoarekin egiteko egokia da, gainera. Horrez gain, altxorraren bila aritzeko jarduera bat ere eskaintzen dute, haurrek ongi pasa dezaten.

Gainera, Baigura aisiagunean bada La Gaita izeneko ostatu bat, eta jatekoa eskaintzen du. Jolastoki bat eta piknik egiteko gune bat ere baditu.

Tren ttipi batek eramaten ditu bisitariak Baigura aisiagunera. Nahi duenak piknik egin dezake, ibilaldi lasai bat egin, edo jarduerak egin Baigura aisiagunean, eta oinez jaitsi, edo tren ttipiaren bidez.

Paisaia zoragarriak

Inguru aparta da. Paisaia zoragarriz goza daiteke, mendiei begira, zuhaitzen artean: gaztaina, haritza, pagoa, urkia... Harrespilak ere badaude, eta horien nondik norakoei buruzko hainbat panel daude.

Artzaintzak eta aisialdiak bat egiten dute Baigura aisiagunearen eremuan. Jarduerak ongi antolatuak daude, artzaintzari eragozpenik ez sortzeko. Izan ere, artzaintzari eta mendiari loturiko jarduerak bateratzea dute xedea, betiere elkar errespetatuz. Horretarako, proposatzen dituzten jarduerak arras arautuak dira, hala aisian dagoena nola lanean dagoena ongi senti daitezen.

Hainbatetan, Baigurako artzain batekin finkatzen dute enkontrua. Ogibideaz mintzatzeaz gain, gasna ahamen bat eskaintzen die aisiagunera bildutakoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.