Oporrak Euskal Herrian

Euskal Artzainak Ameriketan museoan

Euskal Artzainak Ameriketan museoa ireki dute Elgorriagan, artzain aritzeko Ameriketara joan zirenen bizipenak eta memoria gordetze aldera.

AEBetan jasotako oihal bat, Kern konderriko artaldeen ikur guziak brodaturik dituena. JON URBE / FOKU
2022ko ekainaren 28a
09:43
Entzun

Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) azken 150 urteetan lanean aritu eta bizi izan diren euskal artzainen bizimodua eta ondarea jasotzeko eta ezagutarazteko elkartea da Euskal Artzainak Ameriketan. Izan ere, XIX. eta XX. mendeetan euskaldun ugari joan ziren hara artzain aritzeko. Batzuk itzuli ziren; beste batzuk han geratu ziren. Aurten, elkarteak izen bereko museoa zabaldu du Elgorriagan, zaharberrituta dagoen errota batean.

Museoan, Elgorriagatik eta Malerrekako gainerako herrietatik Ameriketara joandako artzainen argazkiak daude, haiei buruzko datuekin. Artzainen fitxak ez ezik, AEBetan ibili zituzten gauzak gerrikoak, kapelak, zaltokiak, baxerak, argazki kamerak, maletak... eta artzainen elkarrizketak biltzen dituen bideo bat ere badaude. AEBetan jasotako oihal handi bat ere badute zintzilik, Kern konderriko artaldeen ikur guziak brodaturik dituena.

Erdi Aroan sortutako herria

Elgorriaga Nafarroako ipar-mendebaldean dago, Malerrekako ibarrean, Baztan Bidasoa eskualdean. Herria zehazki zer urtetan sortu zen argi ez dagoen arren, erreferentzia arkitektoniko ugari dago, Erdi Aroko zubia, esaterako, Ezkurra ibaia igarotzeko. Historialarien arabera, herria XV. mendean sortu zen.

Herrian, San Pedro Apostoluaren eliza dute, eta, han, XII. mendearen hasierako erretaula bat dago, eta XII. mendearen bigarren erdialdeko San Ferminen eta San Frantziskoren irudiak dituzten bi koadro. Elgorriagako bainuetxea ere aipatzeko modukoa da. Hango urek Europakoen artean gazitasunik handiena dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.