Gerra Ukrainan

NATOn sartzeko betoa kendu die Turkiak Finlandiari eta Suediari

Ankararen arabera, Stockholmek eta Helsinkik «PKKren aurkako borrokan» lagunduko diote. Mendebaldeko aliantza militarrak goi bilera egingo du, bihar eta etzi, Madrilen

jarraia215239.jpg
Igor Susaeta-Mikel O. Iribar
2022ko ekainaren 28a
14:05
Entzun

Suedia eta Finlandia ere NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeko pronto daude, behin Turkiak bi herrialdeei ezarritako betoa kenduta. Hiru herrialdeek dokumentu bat sinatu dute, «zeinak baieztatzen duen Turkiak babesten dituela Finlandiak eta Suediak NATOrekin bat egiteko egindako eskaerak». Madrilen batzartu dira, gaur, hiru estatuetako agintariak NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergekin batera, Mendebaldeko aliantza militarrak bihar eta etzi goi bilera egingo baitu Espainiako hiriburuan.

Finlandiak eta Suediak maiatza erdialdean egin zituzten NATOn sartzeko eskaerak, eta aliantzak ateak zabaldu zizkien. Ankarak ez, ordea. Recep Tayyip Erdoganen kabineteak leporatzen die PKK-kotzat (Kurdistango Langileen Alderdia) eta YPGkotzat (Herriaren Babes Unitateak) jotzen dituen kideei babesa ematea. Biak «terroristak» dira Turkiaren arabera; orduan, betoa jarri zien balizko bat egiteei. Turkiako Gobernuak gaur kaleratutako ohar baten arabera, Suediak eta Finlandiak adostu dute «guztiz kooperatzea»Ankararekin, «PKKren eta bere adarren aurkako borrokan».

Azken asteetan negoziatzen aritu dira hiru aldeak. Akordioak ez du esan nahi bi herrialdeak segituan bihurtuko direnik aliantzako kide, baizik eta horretarako prozesua hasteko bidea ireki diela Ankarak; izan ere, kideetako baten betoa nahikoa da prozesua oztopatzeko. Stoltenbergek akordioa plazaratu ondoren prentsa agerraldian esan duenez, prozesua «leunduko» du lortutako itunak.

Blokeoa kentzeko Turkiaren baldintzetako bat zen, hain zuzen, Suediak eta Finlandiak babesik ez ematea Ankarak PKK-kotzat edo YPGkotzat jotzen dituenei, eta, gainera 28 pertsona Suediatik Turkiara estraditatzea, eta beste hamabi Finlandiatik. Turkiak gaur nabarmendu du «terroristen estradizioei buruzko neurriak» hartzekoak direla Stockholm eta Helsinki.

Suediako lehen ministro Magdalena Anderssonek bileraren ondoren adierazi duenez, ituna «ona» da. Eta hau gehitu du: «Zaila da jakitea zerk konbentzitu duen Turkia onar dezan».

NATOko 30 estatu kideak Madrilen batzartu bezperan iragarri dute akordioa. Besteak beste, defentsan inbertsioak handitzeko eta Errusiarekin mugan dauden herrialdeetan 300.000 tropa «alerta gorenean» ezartzeko planak onartzea espero dira bilkura horretan, «Errusiaren mehatxuari aurre egiteko», Stoltenbergek adierazi duenez. Halaber, NATOko kideek Txinaz lehendabizikoz hitz egingo dute, luzera begirako erronka geoestrategikoak finkatzeko.

Hain zuzen, NATOko kide diren bederatzi estatuek 2014ko Galesko goi bileran adostutako defentsarako %2ko inbertsio helburua lortu zuten atzo. Eta beste hemeretzik xede hori erdiesteko «asmo argia» dute, Stoltenbergek ohar baten bidez jakinarazi duenez. Hori bai, ez zuen zehaztu herrialde horiek zein ziren.

Bestalde, NATOko idazkari nagusiak Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri gaur telefonoz hitzeman dionez, aliantza militarreko kide diren estatuek laguntza militar handiagoa emango diote Kievi. «Aliatuek babesa handituko die Ukrainari, bai orain, bai luzera begira», esan du Stoltenbergek. Zelenskik, berriz, Errusiako misilen aurkako sistema eraginkorragoak emateko eskatu dizkio aliantza militarrari, «Errusiako eraso terroristak geldiarazteko», haren esanetan.

Aliantza militarraren goi bileraren bezperan, Errusiak NATO «bloke oldarkortzat» jo du, Reuters berri agentziak jasotakoaren arabera. Dimitri Peskov Kremlineko bozeramailearen esanetan, Errusia Ukrainan egiten ari den «operazio militar berezia» aurreikusitakoaren arabera doa, eta hasieran ezarritako helburuak lortuko dituztela nabarmendu du.

Peskovek Ukrainako agintariei eskatu die beren tropei armak uzteko agin diezaietela. «Ukrainak dena geldiarazi dezake gaurko eguna amaitu baino lehen». Zelenskik, ordea, esana du Ukrainako armadak ez duela amore emango, alderantziz baizik. «Gerra irabaziko dugu».

G7, bat eginda

G7ko herrialdeetako agintariek Elmaun (Alemania) egin zuten batzarra —Alemaniak, AEBek, Frantziak, Japoniak, Kanadak eta Italiak urtero izaten duten goi bilera—, eta, haren ostean Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak esan duenez, G7 bat eginda dago Ukrainari laguntzeko, eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen erregimenaren aurkako neurri «zorrotzak eta berehalako zigor ekonomikoak» ezartzea babestu du. «Zazpiok bat gatoz Putinek ezin duela gerra hau irabazi».

Europako buruzagiei mintzatuta, Scholzek azpimarratu du Ukrainari laguntza humanitarioa eta militarra emateaz gain, beharrezkoa dela laguntza ekonomikoa ere bidaltzea, herrialdea luzera begira berreraikitzeko. «Plan bat behar dugu», zehaztu du. «Ondo planifikatu eta ondo garatu behar dugu».

Bestalde, G7ko herrialdeek 4.700 milioi euro inguru bideratzeko konpromiso bat hartu dute, Ukrainako gerrak eragindako elikadura segurtasunik ezari aurre egiteko, Etxe Zuriak aditzera eman duenez. Munduko estaturik industrializatuenek bileran hizpide izan dute elikagai krisia ere, eta herrialde guztiei dei egin diete elikagaien gehiegizko biltegiratzea saihesteko, horrek prezioen igoera berriak ekar ditzakeela argudiatuta. Gehiegizko salgaiak dituzten herrialdeek eta enpresa pribatuek «elikagaiak eskura jarri behar dituzte merkatua desitxuratu gabe», G7k ohar batean adierazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.