Lan gatazkak

Greba hotsak Gipuzkoako eraikuntzan ere

ELAk ohartarazi du lanuzteetara deituko duela lan hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiten ez badute.

Gipuzkoako eraikuntzako ordezkarien protesta, gaur, Donostian. ELA.
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 28a
14:28
Entzun

Badira sei hilabete Gipuzkoako eraikuntzako lan hitzarmena berritzeko negoziazioak hasi zirela. ELAk salatu duenez, tarte horretan ez da aurrerapausorik izan, eta ohartarazi die enpresei grebara deitzeko aukera aztertzen ari dela.

Donostiako Kontxan elkartu dira gaur goizean ELAko ordezkariak, inguru horretan hainbat obra publiko martxan daudela baliatuz. Han azaldu du zeintzuk diren sindikatuaren eskakizunak lan hitzarmena berritzeko: soldaten igoera KPIari lotzea, laneko segurtasun bermeak handitzea, eta kontziliazio neurriak hartzea.

Sindikatuak gogorarazi du sektorea prekarizatu egin dela. Izan ere, «patronalak edo obrak sustatzen dituzten administrazio pribatuek eta publikoek negozioa lehenesten dute langileen gainetik. Sektore honetan hain errotuta dauden beheranzko esleipenak edo esleipen azkar eta merkeak egitea bateraezina da langileen segurtasuna eta osasuna bezalako oinarrizko gaiekin, baita haien baldintza soziolaboralekin ere. Ondorioak larriak dira: urtetik urtera heriotza kopurua handitu egiten da».

ELAk azaldu du Gipuzkoan gero eta ohikoagoa dela herri lanetan oso eskaintza txikiak egitea, «edo zuzenean onartezinak diren eskaintzak». Kasu horietan, kostuak merkatzen dira, eta jardueraren zatirik handiena azpikontratatu egiten da. Egoera horietan ez da betetzen hitzarmen kolektiboa. «Bereziki larria da errealitate hori obra publikoan, administrazioak berak sortzen baititu lan baldintza prekarioak».

Horregatik, ELAk eskatu du enpleguaren kalitatea, segurtasuna eta hitzarmen kolektiboaren aplikazioa epeen eta prezioaren gainetik lehenetsiko dituzten esleipenak egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.