Bideojokoak

Esku pilota oinarri duen joko bat aurkeztu du Playstationek

'Frontball Planet' jokoa Bilboko Relevo estudioak garatu du, eta PS4 eta PS5 plataformetan egongo da eskuragarri. Munduko zazpi frontoi ageri dira han, tartean Bilboko bat.

'Frontball planet' jokoaren fotograma bat. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2022ko ekainaren 29a
12:06
Entzun

Kostata, baina esku pilota iritsi da bideojokoen mundura ere. Ezker hormarik gabe, ordea. Bilboko Relevo estudioak frontball modalitatean oinarrituta garatu du Frontball Planet jokoa, Playstation4 eta Playstation5 kontsoletarako. 2008an sortu zen modalitate hori, eta, sustatzaileen arabera, «pilotaren modalitaterik kaletarrena» da.

Izan ere, jokatzeko nahikoa da horma bat eta pilota bat izatea. Hori ona dela uste du Julian Garciak, Espainiako Pilota Federazioko presidenteak: «Kalekoa eta dinamikoa den modalitate bat da frontball-a, eta olinpikoa izatera irits daiteke. Beste kirol batzuetan ere egin dute apustu hori. Errugbian, adibidez, funtzionatu die zazpiko errugbiarekin. Edozein esku-pilota jokalarik arazorik gabe jokatu dezake frontball-ean, eta bideojokoak ikusgaitasuna emango digu», esan zion duela aste batzuk El Correo egunkariari.

Relevo estudioak Espainiako eta nazioarteko pilota federazioen babesa izan du jokoa garatzeko. Jokalariek zortzi jokaleku izango dituzte aukeratzeko: espazioko estazio bat, Madril, Mexiko Hiria, New York, Miami, Tokio, Dubai eta Euskal Herriko bakarra, Bilbo. Oraindik ez dute argitu, ordea, nolako itxura izango duen Bilboko frontoiak.

Jokoa, nagusiki, pentsatuta dago bi jokalarik elkarren aurka kontsola berean jokatzeko, baina izango du historia modu bat ere, eta zailtasuna aukeratu ahal izango da. Hiru pertsonaia aukeratu ahal izango dira: mutil bat, neska bat, eta robot bat. Urtea amaitu aurretik argitaratu nahi dute jokoa, gazteleraz.

Espainiako Federazioak hainbat urte daramatza frontball-a sustatzen, eta bide horretan pauso bat gehiago da bideojokoarena. Playstationen jabe den Sony enpresarekin hiru urte daramatza elkarlanean, eta aurrez, besteak beste, unitate didaktikoak ere sortu dituzte. Garciak azaldu zuenez, litekeena da aurrerago antzeko egitasmoren bat sustatzea zesta-puntarekin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.