SANFERMINAK

Zezenketen aurkako kalejira eginen dute Iruñean uztailaren 7an

«Animalien aurkako tratu txarrik gabeko festen» inguruko eztabaidari heltzea galdegin du Iruñea Antitaurina taldeak

Iruñea Antitaurina taldearen agerraldia, gaur, zezen-plazaren aurrean. IRUÑEA ANTITAURINA
Ion Orzaiz.
2022ko ekainaren 29a
12:57
Entzun

Zazpigarren hilabeteko zazpigarren egunean, arratsaldeko zazpietan. Sanferminen egun handian, festaren ereduari buruzko gogoeta sustatu nahi du Iruñea Antitaurina taldeak. Zezenketarik gabeko jaiak aldarrikatzen dituzte, eta hori eskatzeko kalejira eginen dute egun horretan. Uste dute garaia dela «etorkizuneko sanferminak» diseinatzeko eta, halabeharrez, zezenketarik gabe irudikatzen dituzte.

Hala ere, Enrique Maia alkatea eta udal gobernu taldea eztabaida desbideratzeko eta «beste alde batera begiratzeko ahalegina» egiten ari direla salatu du zezenketen aurkako plataformak: «Zezenketen kontra eta horri buruzko eztabaida sustatzearen aldeko proposamenak bidali dituzte herritarrek, baina udalak Entzierroaren Mahaira igorri ditu; hots, zakarrontzira. Izan ere, mahai horrek entzierroaren alderdi teknikoak soilik landu ditzake». Horregatik, auziari behingoz heltzea eta eztabaida publikoa sustatzea galdegin diote Iruñeko alkateari.

Zezenketek hiriaren irudiari kalte egiten diotela uste du Iruñea Antitaurinak, eta horrek eragina izan duela aurtengo festaren antolaketan: «Aurten, alkatea saiatu da Iruñean kontzertu erraldoi bat antolatzen, baina, berak aitortu duenez, taldeak kontratatzea zaildu eta, are, eragotzi dute zezenketek. Animalien tortura oinarri duten tradizioen aurkako aldarria ozena da nazioartean».

Eta, mundu osoan bezala, Iruñean ere hazten ari da zezenketen aurkako jarrera. «BBVA fundazioak eginiko azken inkestaren arabera, herritarren %80 daude zezenketen aurka. Garrantzitsua da jakitea 2007-2019 aldian %63,4 gutxitu zirela Espainiako Estatuan eginiko zezenketak; bestalde, Iruñeko peñetako kideei eginiko beste inkesta batean, zezenketei buruz eztabaidatzen hastearen alde azaldu dira %26,4».

Hain zuzen, festaren eragileekin elkarlana sustatu nahi du Iruñea Antitaurinak, zezenketen aurka daudenen esparrua zabaldu nahian. «Iruñeko Peñen Federazioarekin bildu ginen, eta dosierra eman genien, zezenketei buruzko gogoeta egiteko. Izan ere, uste dugu peñek, sanferminetako eragile nagusi eta funtsezkoenetako bat izanik, jai ereduaren aldaketa bultzatu beharko luketela, aldaketa hori baita datuek iradokitzen dutena eta gizarteak eskatzen duena». Krudelkeriaren aurrean «begiak, belarriak eta ahoa ixteari uztea» galdegin du zezenketen aurkako mugimenduak. «Animaliei tratu txarrak ematea ez da gustu kontua, ezta askatasun kontu bat ere: ez dago balizko askatasunik animaliei heriotzaraino tratu txarrak emateko». Horregatik, txakurren eta oilarren arteko borrokak debekatuak dauden modu berean sanferminak ere «gizartearekin batera aldatzera» dei egin dute manifestazioaren antolatzaileek.

Protestak uztailaren 2an eta 7an

Iruñea Antitaurinak antolatutakoa ez da izanen animalien aurkako tratu txarrak salatzeko protesta bakarra. Larunbat honetan, 12:00etan, elkarretaratzea eginen du zezenketen aurkako sareak, Iruñeko zezen plazaren aurrealdean, eta, 18:00etan, Nafarroako Animalien Askatasuna taldeak manifestazioa eginen du, parlamentutik abiatuta.

Uztailaren 7an, Udaletxe plazatik abiatuko da Iruñea Antitaurinaren kalejira, Javier S. Nagore ilustratzaileak diseinatutako pankarta batekin eta 3Indarrok elektrotxarangaren musikak lagunduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.