Albistea entzun

Arantxa Iturbe

Ikusten?

Alegian (Gipuzkoa) jaio zen, 1964an, eta ibilbide luzea du kazetaritzan zein literaturan. Batik bat, narrazioa jorratu du: Ezer baino lehen (Elkar, 1992) izan zuen lehen ipuin liburua, eta Lehenago zen berandu (Alberdania, 1995), Bakarrizketan (Alberdania, 2001), Kontu-jaten (Alberdania, 2006) eta Honetara ezkero (Susa, 2017) plazaratu ditu gero. Koadernoa zuri (Elkar) eleberria argitaratu zuen 2017an, eta antzerkia da egilearen hurbileko beste alorra.

Exprai Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iturbe -

2022ko uztailak 3

Hiltzea ez da gauza erraza eta hilda egotea, zer esanik ez. Segituan antzematen da nor ari den inprobisatzen.

Ondo prestatuta iritsi naiz ni honaino.

Egunero hil gintuen amak hazi bitartean eta egunean behin baino gehiagotan, ondoren. Begi-larriz agurtzen gintuen eskolarakoan, heriotzara kondenatutako bi izaki hain txiki bizitzaren arriskuen aurrean babesgabe uzten dituenaren estuasunez. Etxetik eskolarako berrehun metroak bakarrik egiteko gai ginela onartu zuenerako ahizpak eta biok bularretakoak erosiak genituen ezkutuan. Kontuz zubia gurutzatzerakoan, ez geratu ezezagunekin, ondo begiratu ezker-eskuin autorik ba ote datorren, ondoezen bat izanez gero irakasleari esan lehenbaitlehen, entretenitu gabe itzuli. Berrehun metro eskas, eta zubi bat. Leihotik ikus gintzakeen artean autorik apenas ibiltzen zuen herri-bidea zeharkatu eta eskola parera iritsi arte. Han desagertzen ginen haren bistatik, ate nagusia alde itsuan geratzen zitzaiolako. Orduan uzten zuen gure biziraupena destinoaren esku. Egunero.

Ez ondo pasa, ez gozatu, ez ederki ibili, ez animo, ez eutsi. Gure amaren azken hitzak beti ziren kontuz, kontuz, kontuz, ez hau, ez hori, ez hura. Ate ondoan hartzen zuen arnasa, eta ez zuen askatzen, atzera berriz gu bertan azaldu arte.

Ikusten?, zerbait gertatzen zen bakoitzean. Zerbait izan zitekeen istripua, erorikoa, eztarriko mina, gerra, bihurritua, suspensoa, makalaldia, zaintiratua, bihotzekoa, irristaldia, botagurea... hiltzeko arriskuaren ertzean jarriko gintuen edozer.

Jende askoko tokiak arriskutsuak ziren, jenderik gabekoak ere bai. Autoa arriskutsua zen. Eta trena. Eta hegazkina. Bizikleta ere bai. Patinik ez zigun sekula oparitu. Ekaitza arriskutsua zen. Eta egun sargoriak. Eta lainotsuak. Haizetsuak arriskutsuago. Arropa gutxiegi jaztea, arriskutsua. Gehiegi ere bai. Jatea, ez jatea bezainbat. Kirola, mehatxua. Oporraldia, tragedia. Parranda, herioa. Berria eta arriskua ez zituen bereizten, izan izaki, jaki, toki edo gizaki.

Telefonoa jarri genion etxean, ikusten ez bagintuen ere bizirik egon gintezkeela ulertu zezan. Madarikatu genuen ahizpak eta biok zilbor-hestea betikotu zuen espiral hura. Jotzen zuenetan beldurrez hartzen zuen zer entzun beharko. Jotzen ez zuenetan beldurrez itxaroten zuen noiz joko.

Kontu handienarekin ibilita ere, errepikatzen zuen. Eta arrazoi zuela sinistuta hil zen, bizitzea zer den jakitera iritsi gabe. Hiltzea hain erraza balitz bezala.

Ama hil eta gutxira gertatu zitzaidan. Laku batean. Urazpian oina trabatuta geratu eta ez nuela askatuko. Ikusten? Tira alde batera, tira bestera, eta ezin. Ikusten? Ez nuen ezer ikusten. Ikusten? Zenbat eta gehiago ahalegindu, orduan eta trabatuago. Ikusten? Eta zenbat eta indar gehiago katigatua libre uzteko, orduan eta auspoa larriago. Ikusten? Ez naiz akordatzen ito-larri hura amaiera zela pentsatu ote nuen. Ez naiz akordatzen ezer pentsatzeko gai ote nintzen ere, ez bazen goruntz egitea. Zorabiatzeko zorian, goruntz eta beheruntz bereizteko gauza ez nintzela, emakumezko baten besoak heldu zidan eta ur-azaleraraino tira indar harrigarriz. Birikak bere onera etortzerako eskertu nahi izan nion tiraldia. Ez zegoen inor. Bakarrik nengoen. Bizirik.

Hiltzea ez da gauza erraza, eta ni ikaragarri ondo hiltzen naiz. Diskrezio handiz, esaten didate. Zalapartarik gabe. Elegante. Horregatik aukeratu ninduten. Ikusten? Zerbaitetarako balio behar zidan urtetako entrenamenduak. Ez nuen halakorik irudikatu ere egingo karpa hartara lagundu behar niola-eta, lau ezezagunen aurrean ondoezak eman eta ziplo erori nintzenean. Emakume helduak behar omen zituzten pelikula baterako. Hala esan zidan Mireia zoroak. Gure aukera zela eurotxo batzuk poltsikoratzeko. Ez ginen ezagutu zaharrak. Azkar antzeman zidan ez neukala inor hirian. Artean esan gabea nintzen hildakoarena egiteak salbatu ninduela benetan hiltzetik. Bultzadizo bat izan zen. Nahikoa, burua kolpatu eta seko geratzeko. Ikusten? Ez zen gertatu, baina gertatu balitz bezala geratu nintzen. Kieto. Arnasik ere hartu gabe. Beldurtu eta alde egin zuen etxetik. Koldarra izan. Ikusten? Eta haren atzetik nik, mutil kozkorra lo, besoetan hartuta. Urrutira. Ahalik eta urrutien. Eta hantxe nengoen, hilabete gutxitara, oraingoan nahigabe, lagun berriagatik sentituako auzolotsagatik hildakoarena egiten. Zuzendariari grazia egin, sekula ezagututako hildakorik sinisgarriena omen nintzen eta paper txiki bat eman zidaten, horretarakoxe: hiltzeko. Mireiak ez zuen halako zorterik izan. Hiltzea ez baita hain erraza.

"Egunero hil gintuen amak hazi bitartean eta egunean behin baino gehiagotan, ondoren"

Arantxa Iturbe. Kazetaria

Harrezkero sarri deitu izan didate. Paper bera egiteko beti, aktore onei bezala. Hildakoak uste baino beharrezkoagoak dira. Antzerkikoa bai ez nuela espero. Ez du zinearekin zerikusirik. Funtzioa hasi eta bost minututara hiltzen naiz, naute, eta obrak irauten duen orduterdi pasean, hilda egon behar dut oholtzan, erdi-erdian, denen bistan. Beste batzuk ere hiltzen dira, dituzte, baina haiek erretiratu egiten dituzte gorpu. Ni ez. Arnasa hartzen dudanik ere ez du inork antzematen. Batek baino gehiagok esanda dakit, ikusle jendeak zalantza egiten duela benetan bizirik ote nagoen.

Semeak ere bai, gizarajoak. Lehengo batean esan ez diote bere ama hilda ikusi dutela? Gelako baten gurasoek ikusi omen ninduten. Haren marruak. Haren sosegatu ezina. Ezetz ba, umea. Bizirik nago. Ikusten? Gezurretan hiltzen naiz. Egin lo lasai, mattea. Hiltzea ez da hain erraza.

Azken hiru gauotan, goizaldean, jogurt potea topatu dut sukaldeko mahai gainean. Erdia janda. Tapa jarrita. Amak gainbehera erabatekoa iritsi baino lehen uzten zuen bezalaxe. Ikusten? Heriotzarekin txantxa gutxi, esaten zuen. Gutxien espero duzuenean ager liteke, esaten zuen.

Laugarrenez topatzen badut, jan egingo diot utzitako erdia. Ea ulertzen duen. Ea behingoagatik lasaitzen den. Ea bizitzen uzten didan. Hil arte gutxienez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mugan musika taldea, disko berria argitaratu baino lehenago. ©PABLO CLEMENTE

Indarrez jantzitako doinu eztiak

Miren Mujika Telleria

Mugan taldeak zazpi kanturekin osatu du 'Bizirik ez bagaude', bere ibilbideko lehen diskoa

Errealitatea eta alegiazko munduak nahasten dira <em>Itsasotik</em> ikuskizunean. ©DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA
Michel Piccoli eta Romy Schneider aktoreak, Sauteten 'Les choses de la vie' filmean (1970). ©Donostiako Zinemaldia

Sauteten hamahiru film bildu ditu Zinemaldiak hari eskainitako zikloan

Leire Perlines Apalategi

Zinemagile eta gidoigile frantsesaren obra aztertuko du jaialdiak aurten, haren atzera begirakoan. Zikloaren osagarri, zuzendariari egindako elkarrizketekin osatutako liburu bat plazaratuko dute.

Olivia Newton-John Ikerketa Onkologikoen Institutuak antolatutako ekitaldi batean ©MICK TSIKAS / EFE

Olivia Newton-John hil da, 'Grease' filmeko aktorea

Lide Egizala Urteaga

Sandy Olsen pertsonaiari eman zion bizitza Grease pelikulan. 30 urte zeramatzan bularreko minbiziaren aurkako borrokan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...