Etxegabetze bat eragotzi du Alda kolektiboak

Iruzurrezko alokatze kontratu baten ondorioz, urtebeteko kontratua eginik ere, jabeak uda aitzin etxea uztera behartu nahi zituen alokatzaileak. Bokaleko etxebizitzan bildu da Alda kolektiboa, uxerrari egoera esplikatzera. Oraingoz, alokatzaileak etxebizitzan gelditzen ahal direla ondorioztatu du hark.

Aldaren goizeko ekintza, Bokalen. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko ekainaren 30a
10:06
Entzun

Bokalen (Lapurdi) bildu da goizean Alda kolektiboa, egoera «surrealista» bati aurre egiteko. Izan ere, Bokaleko etxebizitza batean bizi dira Adrien Escourido eta haren bikotekidea 3 urteko alabarekin. Otsailean sartu ziren bertara, baina gaur ateratzeko agindua zuten, aitzin datatutako ateratze kontratu bat izenpetu zutelako, jabearen aginduz. Mota horretako kontratuak, ordea, iruzurrezkoak direla salatu du Aldak. Egoera, gainera, konplikatu da: alokatzaileek gutun bat bidali zioten jabeari ateratze kontratua iruzurrezkoa zela eta, etxebizitzan segituko zutela adierazteko. Gutun hori ez du sekula hartu jabeak. Baina, aste bat berantago, ezezagun batek ateratze kontratu faltsifikatu bat igorri zion jabeari, alokatzailea balitz bezala, egun ateratzea onartzen zutela adieraziz. Gutuna faltsifikatu hori hartu zuen jabeak, eta hori oinarritzat hartuta jabeak uxerra bidali die, goizean.

Uxerra iritsita, egoera esplikatu dio Txetx Etxeberri Aldako kideak. Jakinaraziko dio iruzurrezko kontratua eginarazteaz gain, ateratze jakinarazpen faltsifikatu baten biktimak izan direla alokatzaileak, eta salaketa jarri dutela horretarako. Hala, uxerrak alokatzaileak oraindik etxe barnean bizi direla ikusirik, adierazi die ateratzeko bisitarik ez zuela eginen, eta, beraz, oraingoz barnean bizitzen segitzen ahalko dute.

Escourdio alokatzaileak «egoera surrealista» salatu du, baina kezka agertu du jabeak hemendik goiti egin ditzakeen jukutriei begira. Aldiz, etxegabetzea oztopatzeko bildu diren Aldako kideen «elkartasuna» txalotu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.