Mendia

Anetoko glaziarraren egoera «arriskutsua» dela ohartarazi dute

Ekainean izandako tenperatura altuen eraginez, hormagunearen gainazala urtu egin da, eta agerian gelditutako izotzak eta pitzadurek arriskua dakarte mendizaleentzat. Tentuz ibiltzeko eskatu dute.

Euskal mendigoizale bat Anetoko tontorrera bidean. JOSEBA GONZALEZ
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko ekainaren 30a
15:56
Entzun

Alarmak piztu dira Anetoko glaziarraren egoera ikusirik; kezka eragin du hormagunearen beraren egoerak, bai eta horrek inguruan ibiliko diren mendizaleei dakarkien arriskuak ere. Guardia Zibilaren Erreskate Taldeak ohartarazi duenez, glaziarraren gainazala urtu egin da azken asteotan; horrek aldaketak ekarri ditu, ezinbestean, inguruko mendi bideetako baldintzetan, eta eremua «biziki arriskutsu» bihurtu da.

Glaziarraren baldintzak ikertzen aritu diren zerbitzuek emandako datuen arabera, glaziarraren gaineko azalak bistara utzi du normalean ezkutuan izan ohi den horma gogorra. Ohartarazi dutenez, mendizaleek nekez iltzatu ditzakete pioletak eta kranpoiak halako gainazaletan. Hori bakarrik ez: arroka handi batzuk eta zenbait arrakala ere gelditu dira agerian, mendizaleek ibili ohi dituzten bideetatik hurbil.

Horiek horrela, Guardia Zibilak mendizaleei gomendatu die Renclusa aterpetxetik ateratzen den bidea har dezaten, noranzko diagonalean egitea tontorrerako bidea, glaziarraren beheko aldetik urrunago pasatzeko horrela.

Erreskate taldeek erantsi dute ez dela Anetoko glaziarra urtzen den lehenbiziko aldia. Izatez, azken urteotan sarri gertatu da halakorik; ez, ordea, ekain partean. Zehaztu dutenez, izotza ez da abuztu bukaerara arte edo irailera arte urtzen normalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.