FUTBOLA

Ernesto Valverde: «Ez nuen uste itzuliko nintzenik»

Athleticek gaur aurkeztu du entrenatzaile berria, Jon Uriarte presidentea ondoan zuela. Denboraldi baterako kontratua sinatu du. 

Jon Uriarte eta Ernesto Valverde, gaur, aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 30a
19:03
Entzun

Ernesto Valverdek hirugarren aldia hasi du Athleticeko entrenatzaile gisa. Gaur arratsaldean aurkeztu dute San Mames estadioko prentsa aretoan, Jon Uriarte presidentea ondoan zuela. Denboraldi baterako kontratua sinatu du. «Gustatzen zait urtebeterako sinatzea».

Ikusi gehiago: Athleticek ofizial egin du Valverde izango dela entrenatzailea

Valverdek berak aitortu du «ezohikoa» dela pertsona bera hirutan aurkeztea. «Baina ohorea da berriz ere Athleticen aritzea. Erronka zaila da, eta presio gehiago dut, aurretik hemen aritu izanagatik, aurretik lortu dudanagatik eta hemengoa naizelako. Baina ilusioa egiten dit erronka honek. Saiatuko naiz jendea harro egon dadila taldeaz».

Itzultzeko arrazoiaz galdetuta, esan du «erronkak erakargarria eta zaila» izan behar zuela, eta halakoa dela. «Ez nuen uste itzuliko nintzenik, baina itzuli naiz. Pozik nago. Kluba eta haren ingurua ezagutzen dut, baina hori ez da nahikoa partidak irabazteko. Lan handia dago egiteko, eta lanean hasi behar dugu».

Argi du zer nahi duten zaleek. «Erritmo bizian jokatzeak pizten ditu gure zaleak. Konkistatu egin behar ditugu». Horren harira, azpimarratu zuen jokamolde ezberdinetara «egokitu» beharko direla, eta garrantzitsuena taldeak «estilo ezaguna» izatea dela.

Helburuaz ere mintzatu zen, eta esan zuen «ondo» legokeela Europarako sailkatzeko postuetan sendotzea. Ander Capaz eta fitxaketez, berriz, esan zuen bere iritzia duela, baina klubarekin hitz egin behar duela. Horren harira, Uriartek esan zuen aurki emango dutela zenbait kirol erabakiren berri; besteak beste, nor izango den kirol zuzendaria.

Valverde abuztuaren 15ean eseriko da berriz San Mameseko aulkian, Mallorcaren aurka (17:30). Bezperan, Reala Cadizen ariko da (17:30). Osasunak, berriz, ligako lehen partida jokatuko du abuztuaren 12an, Sadarren, Sevillaren kontra (21:00).

Hirurehun partida Athleticekin

Valverdek hirugarren aroa du Athleticeko entrenatzaile gisa. 306 neurketa zuzendu ditu Athleticen, inork baino gehiago. Aurreneko aldiz 2003an egin zen lehen taldearen kargu, aurretik klubeko hainbat harrobiko taldetan jardun ostean. 2005ean utzi zuen Athletic, eta 2013an itzuli zen, 2017ra arte. Haren gidaritzapean irabazi zuten zuri-gorriek 2015eko Espainiako Superkopa, eta taldea Txapeldunen Ligan sartu zuen Napoli kanporatuta. Ligan, taldea bost aldiz sailkatu zen Europarako sei denboraldiko tartean.

Tartean entrenatu ditu Espanyol, Olympiakos (bi arotan), Vila-real, Valentzia eta Bartzelona. Azkenarekin Espainiako bi liga, kopa bat eta superkopa bat irabazi zituen. 2020ko urtarrilean kendu zuten kargutik, eta ordutik ez du entrenatu.

Valverdek Athleticen jokatu zuen gainera, sei denboraldiz, 1990etik 1996ra, eta 50 gol sartu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.