Aner Peritzek irabazi du aurtengo Basarri bertsopaper saria

Epaimahaiak bertsolari zarauztarrak erabilitako forma berritzailea nabarmendu du.

Aner Peritzek irabazi du aurtengo Basarri bertsopaper saria. ZARAUZKO UDALA
Jone Bastida Alzuru.
2022ko uztailaren 1a
14:41
Entzun

Zopa hozten ari zaizu izenburupeko bertso sortarekin, Aner Peritzek irabazi du aurtengo Basarri bertsopaper saria. 1.530 euro jasoko ditu. Zarauzko Udalak gaur goizean eman du irabazlearen berri. Ez dute bertso sortak lantzen duen gaia zehaztu, baina haren alde teknikoa nabarmendu dute nagusiki. Lehiaketaren 38. aldia da, eta lehen aldiz irabazi du saria 19 urteko bertsolari zarauztarrak; 2019an bigarren izan zen.

Guztira 11 lan aurkeztu dituzte, eta, epaimahaiaren arabera, oro har, «maila onekoak» izan dira. Nahikari Gabirondok, Andoni Egañak eta Uxue Alkortak osatu dute epaimahaia. Peritzen lana goratu dute: «Gure ustez, bertso onak dira, eta hautatutako gaiari heltzeko ikuspegia aski berria. Baina, batik bat, forman datza berrikuntza. Bertsolaritzaren usadiotik at dagoen errimakera bat hautatu du egileak, ABABABABAB errimatuz». Azpimarratu dute bertso jarrietarako bide berriak zabaltzeko modua ere eskaintzen duela.

Irabazleak azaldu duenez, egindako bertso sortan ez zuen ezer berririk kontatu nahi, baizik-eta kontatu izan den kontu bat beste era batera kontatu, «jolas tekniko atsegin bat bilatuz». Baina hala nabarmendu du: «Sortaren inertziak hala ere gauza batzuk esan beharra eragin zidan. Ea irakurlea ere inertziak daraman, eta, aldi berean, hura hausteko tentaziorik duen».

Sari ematea, hilaren 7an

Irune Urbieta Zarauzko Kultura zinegotziak adierazi du «pozgarria» dela bertsopaper saria zarauztar gazte batek irabazi izana: «Honek argi uzten du Zarautzen badela bertsolaritzarekiko grina eta herriko bertso elkarteek egiten duten lan nekaezinak bere fruituak jasotzen dituela».

Hilaren 7an egingo dute sari emate ekitaldia, 22:00etan, Torre Luzea dorretxeko partean; Zarauzko Bertso Astean egingo dute. Saria jasotzeaz gain, bertso sorta musikatu, eta jendaurrean aurkeztuko du Peritzek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.