Frantziako Tourra

Ustekabekoa eman du Lampaertek

Erlojupekoa irabazteko faborito guztiei hartu die aurre. Van Aert izan da bigarren, eta Pogacar hirugarren.

Yves Lampaert. BERRIA
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 1a
19:41
Entzun

Yves Lampaertek (Quick-Step) irabazi du Tourreko lehen etapa. Kopenhagen jokatu da, eta hamahiru kilometroko erlojupekoa izan da. Hura da aurtengo ekitaldiko lehenengo liderra. Iragarpen guztiak hautsi ditu Belgikako txirrindulariak, eta Wout van Aertek (Jumbo) baino bost segundo gutxiago behar izan ditu helmugan sartzeko. Euriak eta haizeak nabarmen zaildu dute txirrindularien lana, eta hainbat lurrera jausi dira.

Zoru bustiaren ondorioz, faboritoetako batzuek ez dute arriskatu, eta, hori dela eta, lehenengo tarteak ikusteko aukera eman du etapak. Tadej Pogacar (UAE) izan da helmugara iritsi den lehen faboritoa, eta irabazleak baino zazpi segundo gehiago behar izan ditu erlojupekoa amaitzeko. Denbora gehiago behar izan dute beste faboritoek eta Jonas Vingegaard eta Primoz Roglic (Jumbo), Lampaertek baino hamabost eta hamasei segundo gehiago behar izan dituzte, hurrenez hurren.

Denbora tarte handiago batean sartu dira gainontzeko faboritoak. Adam Yatesek (Ineos) 23 segundo galdu ditu liderrarekiko, eta Geraint Thomas taldekideak, 25. Denbora gehien galdu duten faboritoak Enric Mas (Movistar) eta Ben O’Connor (Ag2r) dira. 54 segundo galdu ditu Masek, eta minutu bat baino gehiago txirrindulari australiarrak. Euskal txirrindularien artean, Jonathan Castroviejo (Ineos) izan da azkarrena helmugan, liderrarengandik 36 segundora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.