Iruñeko zezenketak behin betiko amaitzeko eskatu du ‘Zezenketarik ez!’ sareak

Sanferminak «inor zapalduko ez duten jaiak» izan daitezela galdegin dute 56 taldek eta norbanakok. Agiri bateratu bat aurkeztu dute

Zezenketen aurka egin duten agerraldia, gaur, Iruñean. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko uztailaren 2a
16:04
Entzun

Egun gutxi batzuk baino ez dira falta Iruñean Sanferminak hasteko. Zezenketarik ez! sareak agerraldia egin dute, festei begira dituzten eskaerekin ondutako agiria lau haizetara zabaldu asmoz: «Inor zapaltzen ez duten jaiak» nahi dituzte. Argiago esanda: Udalari galdegin diote zezenketarik gabeko Sanferminen aldeko apustua egin dezala eta egitarautik kanpo utz ditzala. Aldarrikatu dute orain dela horretarako unea: «Gu ere Iruñekoak gara, eta guk ere Sanferminak gozatzen ditugu. Baina argi esaten dugu badela garaia Iruñean zezenketak behin betiko amaitzeko».

56 norbanakok, gizarte eragilek, musika taldek nahiz tabernak bat egin dute agiriarekin. Tartean daude, esaterako, Iruñerriko Bilgune Feminista, Herri Sanferminak, Arrosadiako gazte mugimendua, Ernai Iruñerria, Saioa Alkaiza bertsolaria eta Ibil Bedi musika taldea. Guztiek «Sanferminen aitzakiapean» zezenei eragiten dieten «sufrimendu bidegabea» gaitzetsi dute: «Zezenak ez dira gu dibertitzeko jaio».

Baina udalari ez ezik, peñei, «herri mugimenduari» eta, oro har ,herritarrei ere zuzendu zaizkie. Lehenengoei esan diete aurrera egiteko jada hasita duten zezenketen inguruko barne hausnarketan, «haiek zezen plazan duten papera erabakigarria baita eztabaida honetan». Bigarrengoak, berriz, atzo aurkeztutako agirian jas dituzten aldarrikapenekin bat egitera eta zezenketen aurkako jarrera hartzera deitu dituzte. Azkenik, iruindar animatu dituzte zezen plazara ez joateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.