Frantziako Tourra

Jakobsenek ez du hutsik egin

Quick-Stepeko txirrindulariak irabazi du Frantziako Tourreko bigarren etapa, esprintean. Pogacar erori egin da, baina ez du denborarik galdu. Van Aert da lider berria  

Fabio Jakobsen helmugan garaipena ospatzen. TIM K. JENSEN / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 2a
18:23
Entzun

Tropeleko txirrindulari azkarrenentzat zen gaurko eguna, eta horrela erabaki da Frantziako Tourreko bigarren etapa. Fabio Jakobsen (Quick-Step) izan da garailea eta Wout Van Aert (Jumbo) da lider berria. Quick-Step taldeak irabazi ditu aurtengo Tourreko bi etapak. 17 kilometroko zubia zeharkatu behar izan dute txirrindulariek itsaso zabalean, eta haizeak hautsak harrotu ditu txirrindularien artean. Bi kilometro falta zirenean erorikoa izan da tropelean, Tadej Pogacar (UAE) tartean zela. Hala ere, ez du aparteko arazorik izan, eta ez du denborarik galduko.

Roskilden (Danimarka) eman diote hasiera txirrindulariek etapari. Berehala osatu dute eguneko ihesaldia, eta bertan sartu dira Magnus Cort (Education First), Sven Eryk Bystrom (Intermarche) eta Cyril Barthe eta Pierre Ronald (KTM). Etaparen lehen erdian laugarren mailako hiru mendate igo behar izan dituzte, eta mendiko sailkapenerako aurreneko puntuak banatu dira. Cort izan da azkarrena hiru mendateetan, eta hark jantzi du maillot zuri-gorria. Bakarrik jarraitu du ihesean Bystromek, baina tropelak ezerezean utzi du norvegiarraren saiakera helmugarako 32 kilometro falta zirenean.

Tentsio nabarmena izan da tropelean Danimarka eta Suedia lotzen dituen Oresund zubira iristerakoan. 17 kilometro luze ditu eta munduko hirugarren luzeena da. Haizea zegoen aurreikusita, eta hala izan da. Zubiaren hasieran dozena bat txirrindulari erori egin dira, horien artean Yves Lampaert (Quick-Step), liderra, baina berehala sartu da tropelean.

Helmugarako 2 kilometro falta zirela beste eroriko handia izan da, Tadej Pogacar (UAE) tartean zela, baina galdutako denbora ez da kontuan hartuko azken hiru kilometroen barruan izan baita. Alarma guztiak piztu diren arren, esloveniarrak ez du aparteko arazorik izan, eta ez du denborarik galduko. Esprintean erabaki da etapa, eta azken unera arte emozioa egon da. Jasper Philipsenek (Alpecin) urrunetik abiatu du esprinta, baina luze egin zaizkio azkeneko metroak. Jakobsen eta Van Aerten arteko lehia izan da azken metro horietan eta Quick-Stepekoa nagusitu da.

Tourrak Danimarkan egingo duen azken etapa izango da bihar. Vejlen (Danimarka) abiatuko da eta Sonderborgen amaitu. Gaurkoa bezala, etapa egokia da esprinterrentzat. Laugarren mailako hiru mendate igo beharko dituzte txirrindulariek hasieran, eta maillot zuri-gorriaren borrokan aritu nahi dutenak puntuak lortzen saiatuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.