AEB

Gutxienez sei lagun hil dira AEBetako tiroketa batean, Independentzia Egunaren ospakizunetan

Erasoa Illinois estatuko Highland Parken gertatu da, uztailaren 4ko desfile batean. Lehen informazioen arabera, dozenaka lagun ospitaleratu dituzte zaurituta.

Polizia Highland Parken (Illins, AEB), tiroketa izan den ingurua miatzen. TANNEN MAURY, EF
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko uztailaren 4a
20:13
Entzun

Gutxienez sei pertsona hil dira AEBetan, tiroketa batean. Herrialdearen Independentzia Eguna ospatzeko desfile batean gertatu da erasoa, Illinois estatuko Highland Park hirian.

Hiriko udalak jakinarazi du Polizia erasotzailearen bila ari dela, eta herritarrei eskatu die eraikin barruetan babes hartzeko, oraindik tiroketa gehiago izateko arriskua badelakoan. Chicago Times egunkariak argitaratu duenez, Poliziak uste du erasotzaileak teilatu batetik egin diola tiro desfilearen bueltan batu den jendeari.

«Susmagarria 18 eta 20 urte bitarteko gizonezko zuri bat bezala deskribatu dute, ile beltz luzearekin, gorpuzkera baxukoa, eta kamiseta zuri edo urdin bat zeraman soinean», azaldu du Chris O'Neil komandanteak.

Tiroketa desfilea hasi eta hamar bat minutura gertatu da, Illinoisen 09:10ak inguru zirenean —Euskal Herriko 16:10ak aldera—, EFE albiste agentziak adierazi duenez. Tiro hotsak hasi direnean, korrika hasi dira desfilean parte hartzeko edo hura ikusteko bilduta zeudenak.

Tokiko zenbait lekukotzen arabera, hogei tirotik gora entzun dituzte. North Shore unibertsitateko osasun sistemak adierazi du gutxienez 31 lagun eraman dituztela zaurituta inguruko ospitaleetara. Gehienak tiroz zaurituta, eta beste batzuk tiroketak eragin duen nahasmenean min hartuta.

Highland Park Chicagotik 40 kilometro ingurura dago, eta 30.000 biztanle inguru ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.