Albistea entzun

Lan gatazkak

Mercedeseko langile batzordearen gehiengoak ez du babestuko biharko greba

UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek ez dute parte hartuko biharko protestan; ELAk, LABek eta ESK-k, berriz, hiru protesta egunei eustea erabaki dute. Zuzendaritzak proposatu die soldata %5 igotzea eta malgutasuna arautzea.

Joan den astean, langileek Gasteizen egin zuten manifestazioa.
Joan den astean, langileek Gasteizen egin zuten manifestazioa. Jaizki Fontaneda/FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2022ko uztailak 5 15:19

Mahaiaren bueltan eseri dira berriz Mercedes Benzen Gasteizko lantegiko zuzendaritza eta langileen ordezkariak. Ekaineko lanuzte jendetsuak hasi zituztenetik, etenda eduki dituzte elkarrizketak, baina gaur negoziazioei berrekin diete. Ez da egon aurrerapausorik bileran, eta akordioa urrun dago oraindik, baina jarrerak hurbiltzeko balio izan du gutxienez. Izan ere, lan gatazkaren korapilo nagusien inguruko proposamena egin die zuzendaritzak sindikatuei. Hori dela eta, UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek erabaki dute biharko iragarrita zuten protesta bertan behera uztea; ELAk, LABek eta ESK-k, berriz, uste dute ez dituela beren eskakizunak aintzat hartzen, eta hiru greba egunei eustea adostu dute.

Mercedeseko zuzendaritzak proposatu du langileen soldata %5 igotzea aurten, eta beste %2 handitzea 2023. eta 2026. urteen artean, hau da, lan hitzarmenak irauten duen bitartean. Horrez gainera, ekoizpen helburuak lortzeagatik jasotzen duten ordainsaria ere 537 eurotik 700 eurora handituko litzateke datorren urtetik aurrera. Ordainsari berri bat ere jasoko lukete urtero irailean, 750 eurokoa, aurten hasita. Gainera, lan hitzarmena sinatuz gero, langileek 2.000 euroko aparteko sari bat jasoko lukete uztaileko nominarekin batera, iazko urteari dagokiona –iraungita zegoen hitzarmena ordurako–.

Lan malgutasunari dagokionez, ordea, ez du baztertu seigarren egunez lan egitea. Zuzendaritzak proposatu du asteburuetako txanda arautzea; hala, hilabetea hasi baino hamar egun lehenago jakinarazi beharko luke enpresak asteburuetan lan egingo duten edo ez, eta soilik «salbuespen gutxi batzuetan» baino ezingo litzateke egokitu egutegi hori. Era berean, proposatu du hamazazpigarren txanda egin ahal izateko, aurretik hilabete horretako larunbat guztietan lan egitea; 100 euroko hobaria izango lukete langileek kasu horretan, gaueko txandaren plusak eta lan jardunean hamalau orduko konpentsazioa izateaz gain.

Hala ere, zuzendaritza prest dago langile gehiago kontratatzeko larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan lan egiteko, Gasteizko lantegian urtean 190.000 furgoneta baino gehiago ekoitziko badira. Langile horiek asteburuetako txandan ariko den taldearen %80 izango lirateke; gainerakoa gaur egungo beharginekin osatuko litzateke. Urtean 4.500 euro gehiago jasoko lukete langile horiek, eta 200 ordu gutxiagoko lanaldia izango lukete.

Langile batzordea, zatituta
Sindikatuen artean, askotariko iritziak izan dira, eta agerian geratu da ostera langile batzordearen zatiketa. Aurrerapausoak izan direla aitortu dute UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek, eta, ondorioz, erabaki dute bertan behera uztea biharko iragarrita zuten greba deialdia. Negoziazioei «aukera bat» eman nahi diete sindikatu horiek, eta hurrengo bilerara itxarongo dute, mobilizazioekin jarraitu edo ez erabakitzeko.

ELAk, LABek eta ESK-k, berriz, ez dute begi onez hartu enpresaren proposamena. Uste dute ez dituela beren eskariak aintzat hartzen; are gehiago, marra gorri gisa dituzten puntuak gainditu ere egiten dituela azpimarratu dute. Izan ere, soldata KPIaren arabera eguneratzea eta gaueko seigarren txanda ez ezartzea eskatzen dute. Hori dela eta, adostu dute datozen hiru egunetarako greba deialdiri eustea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Nord Streamen gas isuri nagusia eten egin da Baltikoan; bigarrena ez

Xabier Martin

Suediak dio ihes handiaren arrastorik ez dela ikusten itsasazalean. Europako gas eskaerak %10 egingo du behera 2022. urtean, IAEren arabera.

Lan istripu bat salatzeko protesta, Garesen. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Alloko Essityn lanean ari zen behargin bat hil da

Xabier Martin

Irailaren 22an Nafarroako paper lantegi horretan lanean ari zela bihotzekoak jota erietxera eramandako behargina da zendu dena.

Greba egun baten berri ematen duen afixa, Donostia Ospitaleko sarrera nagusian. ©Jon Urbe / FOKU

ELAk greba giroa zabalduko du sektore publikoan, KPIaren igoera bermatzeko

Imanol Magro Eizmendi

Kontaktuak hasi ditu beste sindikatuekin, baina LABek nabarmendu oraindik ez duela bat egin eta publikoki kritikatu du ELAk alde bakartasunez eman izana greba asmoen berri.

LABek Bilboko egoitzan antolatutako prentsaurrekoa, gaur goizean ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

LABek ostalaritzako hitzarmena nahi du Glovoko langileentzat

Olatz Silva Rodrigo

EAEko Fiskaltzaren aurrean salatu du Glovo, langileen eskubideen kontrako delitu larri eta jarraituagatik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...