Lan gatazkak

Mercedeseko langile batzordearen gehiengoak ez du babestuko biharko greba

UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek ez dute parte hartuko biharko protestan; ELAk, LABek eta ESK-k, berriz, hiru protesta egunei eustea erabaki dute. Zuzendaritzak proposatu die soldata %5 igotzea eta malgutasuna arautzea.

Joan den astean, langileek Gasteizen egin zuten manifestazioa. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko uztailaren 5a
13:46
Entzun

Mahaiaren bueltan eseri dira berriz Mercedes Benzen Gasteizko lantegiko zuzendaritza eta langileen ordezkariak. Ekaineko lanuzte jendetsuak hasi zituztenetik, etenda eduki dituzte elkarrizketak, baina gaur negoziazioei berrekin diete. Ez da egon aurrerapausorik bileran, eta akordioa urrun dago oraindik, baina jarrerak hurbiltzeko balio izan du gutxienez. Izan ere, lan gatazkaren korapilo nagusien inguruko proposamena egin die zuzendaritzak sindikatuei. Hori dela eta, UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek erabaki dute biharko iragarrita zuten protesta bertan behera uztea; ELAk, LABek eta ESK-k, berriz, uste dute ez dituela beren eskakizunak aintzat hartzen, eta hiru greba egunei eustea adostu dute.

Mercedeseko zuzendaritzak proposatu du langileen soldata %5 igotzea aurten, eta beste %2 handitzea 2023. eta 2026. urteen artean, hau da, lan hitzarmenak irauten duen bitartean. Horrez gainera, ekoizpen helburuak lortzeagatik jasotzen duten ordainsaria ere 537 eurotik 700 eurora handituko litzateke datorren urtetik aurrera. Ordainsari berri bat ere jasoko lukete urtero irailean, 750 eurokoa, aurten hasita. Gainera, lan hitzarmena sinatuz gero, langileek 2.000 euroko aparteko sari bat jasoko lukete uztaileko nominarekin batera, iazko urteari dagokiona –iraungita zegoen hitzarmena ordurako–.

Lan malgutasunari dagokionez, ordea, ez du baztertu seigarren egunez lan egitea. Zuzendaritzak proposatu du asteburuetako txanda arautzea; hala, hilabetea hasi baino hamar egun lehenago jakinarazi beharko luke enpresak asteburuetan lan egingo duten edo ez, eta soilik «salbuespen gutxi batzuetan» baino ezingo litzateke egokitu egutegi hori. Era berean, proposatu du hamazazpigarren txanda egin ahal izateko, aurretik hilabete horretako larunbat guztietan lan egitea; 100 euroko hobaria izango lukete langileek kasu horretan, gaueko txandaren plusak eta lan jardunean hamalau orduko konpentsazioa izateaz gain.

Hala ere, zuzendaritza prest dago langile gehiago kontratatzeko larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan lan egiteko, Gasteizko lantegian urtean 190.000 furgoneta baino gehiago ekoitziko badira. Langile horiek asteburuetako txandan ariko den taldearen %80 izango lirateke; gainerakoa gaur egungo beharginekin osatuko litzateke. Urtean 4.500 euro gehiago jasoko lukete langile horiek, eta 200 ordu gutxiagoko lanaldia izango lukete.

Langile batzordea, zatituta
Sindikatuen artean, askotariko iritziak izan dira, eta agerian geratu da ostera langile batzordearen zatiketa. Aurrerapausoak izan direla aitortu dute UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek, eta, ondorioz, erabaki dute bertan behera uztea biharko iragarrita zuten greba deialdia. Negoziazioei «aukera bat» eman nahi diete sindikatu horiek, eta hurrengo bilerara itxarongo dute, mobilizazioekin jarraitu edo ez erabakitzeko.

ELAk, LABek eta ESK-k, berriz, ez dute begi onez hartu enpresaren proposamena. Uste dute ez dituela beren eskariak aintzat hartzen; are gehiago, marra gorri gisa dituzten puntuak gainditu ere egiten dituela azpimarratu dute. Izan ere, soldata KPIaren arabera eguneratzea eta gaueko seigarren txanda ez ezartzea eskatzen dute. Hori dela eta, adostu dute datozen hiru egunetarako greba deialdiri eustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.