Erresuma Batua

Johnsonen gobernua kolokan jarri dute bi ministroren dimisioek

Rishi Sunak Erresuma Batuko Finantza ministroak eta Sajid Javid Osasun ministroak gobernua utzi dute, eta mugimenduak egoera zailean utzi du Boris Johnson.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen minisoa, artxiboko irudi batean. CHRIS J. RATCLIFFE, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko uztailaren 5a
20:13
Entzun

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren agintaldia atakan dago. Erresuma Batuko Gobernua kolapsatzeko arriskuan utzi dute Sunak Finantza ministroak eta Javid Osasun ministroak ordu erdiko tartean aurkeztu dituzten dimisioek. Biek adierazi dute ezin dutela jarraitu Johnsonen gobernuan, kontzientzia arrazoiengatik.

Dimisioak aurkeztu dituztenean, Johnson barkamena eskatzen ari zen, ez delako lehenago ohartu jazarpen sexualagatik salaketak jaso zituen pertsona bat ez dela egoki gobernuaren parte izateko. Johnson Chris Pincher alderdikideari buruz ari zen, Johnson Atzerri ministro zela (2016-2018), ministerioko bigarren arduradun nagusi hautatzeagatik. Erresuma Batuko hainbat hedabidek gaur jakinarazi dute Johnsonek pertsonalki jaso zuela Pincherren kontrako salaketa sexualen berri. «Atzera begira, erabaki okerra izan zen, eta barkamena eskatzen diot horregatik kaltetua izan den orori», adierazi du lehen ministroak.

Azalpenak ez dira nahikoa izan urak baretzeko, eta Sunak eta Javidek gobernua uztea erabaki dute. Javidek azaldu du «konfidantza galdu» duela Johnsonengan. Haren esanetan, Erresuma Batuak «Alderdi Kontserbadore indartsu eta printzipioduna behar du», eta lehenetsi egin du alderdiari dion «leialtasuna».

Sunak publiko egin duen oharrean adierazi duenez, herritarrek jokabide «egokia, trebea eta zintzoa» espero dute gobernuarengandik, eta «merezi du balio horien alde borrokatzea». Dimisioaren arrazoiak ez ditu Pincherren auzira mugatu. Finantza ministroak ohartarazi du Erresuma Batuak «erronka izugarriak» dituela aurretik, eta «herritarrak egia hori entzuteko prest» daudela. Lehen ministroarekin ekonomiari buruzko diskurtsoa prestatzen ari zela, «ikuspuntu errotik oso desberdinak» dituztela ondorioztatu du. «Ezin dugu horrela jarraitu».


Rishi Sunak Erresuma Batuko Finantza ministroa (ezkerrean) eta Sajid Javid Osasun ministroa (eskuinean), artxiboko irudietan. EFE

Johnsoni presioa oposiziotik

Erreakzioak berehala heldu dira bata bestearen atzetik. Keir Starmer Alderdi Laboristako buruak gobernu osoaren dimisioa eskatu du, «Erresuma Batuak behar duen hasiera berria» lortzeko modu bakarra dela argudiatuta. «Argi dago gobernu hau erortzen ari dela».

Ed Davey liberal demokraten liderrak ere gobernua desegiteko galdegin dio Johnsoni. «Joan zaitez, eta joan orain». Twitter bidez zabaldu duen mezuan, Erresuma Batuaren izena «nahikoa denbora luzean» zikintzea egotzi dio lehen ministroari.

Ildo beretik mintzatu da Nichola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa. «Talde ustel osoak joan behar du». Sturgeonek nabarmendu du dimisioan eman duten ministroek ere Johnson defendatu dutela «herritarrei gezurra esan dienean». Eskoziak Erresuma Batutik independizatzeko aukera izan behar duela gaineratu du.

Gobernu barrutik Johnsoni babesa adieraztera agertu denik ere bada. Nadine Dorries Kultura ministroak esan du «%100ean» dagoela lehen ministroarekin. Ziurtatu du Johnsonek «zuzen» hartzen dituela «erabaki handi guztiak».

Kontserbadoeak zatituta

Alderdi Kontserbadorearen barruan Johnsonek babes ahula duela agerian gelditu zen ekainaren hasieran, kontserbadoreek alderdi barruko zentsura mozio bat bozkatu zutenean. Pandemian Downing Streeten egindako festen eskandaluaren harira erantzukizunak argitzeko egin zuten bozketa, eta 211 diputatuk egin zuten tory-en liderraren alde, eta 148, berriz, kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.