Lan osasuna

Cebekek dio gizarteak ez dituela «arbuiatzen» arrazoitu gabeko gaixo baimenak

Bizkaiko patronalaren arabera, Hego Euskal Herriko langileek hamazazpi baja edo baimen egun baino gehiago hartzen dituzte urtean batez beste. Gurasotasun baimenak ere zenbatu ditu absentismoaren inguruko txostenean.

Marisol Ramirez / FOKU. METAGINTZAKO LANGILE BAT, JARDUN BETEAN.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko uztailaren 6a
13:49
Entzun

Cebek Bizkaiko enpresarien elkartea arduratuta dago langileen absentismoarengatik, eta, bere barne inkestaren arabera, enpresen lehen bost arduren artean dago langileek hartzen dituzten baja egunen kopurua. Are gehiago, arrazoien artean nabarmendu du gizarteak ez dituela «arbuiatzen» arrazoitu gabeko gaixo baimenak, eta eskubide bat diren ustea zabaldua dagoela, «erabaki mediko objektibo bat baino gehiago». Zabalduriko txostenaren arabera, Hego Euskal Herriko langileek iaz hamazazpi lanegun baino gehiago galdu zituzten batez beste, eta azken bost urteetan gora egin du kopuru horrek. Dena den, zehaztu beharra dago lanera ez joateko arrazoi guztiak zenbatzen direla txostenean, gurasotasun baimenak barne.

Bizkaiko patronalaren arabera, 2021ean Bizkaiko langileek 21,3 baja edo baimen egun hartu zituzten batez beste; Arabakoek, 18,8; Nafarroakoek, 17, eta Gipuzkoakoek, 16,9. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago; bai, ordea, Espainiakoak: 15,9 egun. Eta patronalak esan du alde handia dela. Halaber, nabarmendu du azken urteetan gora egin duela kopuruak, eta egia da: 2016an, EAEko langileek 13,5 egun hartu zituzten batez beste, eta Nafarroakoek, 13,1. Azken bi urteetan, dena den, jauzi kualitatibo handia egon da: 2018an, 17 egun izan ziren batez beste EAEn, eta 14,7 Nafarroan.

Ohiko arrazoiak eta arrazoi profesionalak batzen ditu txostenak, hau da, pertsonalak ere bai, gurasotasuna barne. Txostena kuantitatiboa da, eta ez da sartzen gaixo baimenaren arrazoietan. Azken gorakada hori azaltzeko, egoera azaldu behar da; batetik, pandemia dago, eta COVIDaren eraginez gaixo agiriaren eskaerak aldatu izana, eta, bestetik, gurasotasun baimenak aldatu izana. 2021az geroztik, Hego Euskal Herrian bi gurasoek eskubidea dute hamasei asteko baimena hartzeko.

Cebekek, hala ere, emaitzen azterketa plazaratu du, eta hor azaltzen du bere ustez arrazoitu gabeko gaixo baimenek ez dutela gizartearen arbuiorik. Beste arrazoi batzuk ere eman ditu: besteak beste, gaixo agiria ematen duen eta prestazioa ordaintzen duen erakundea ez dela bera —«euskal administrazioa eta estatukoa»—, hainbat langile hitzarmenetan soldata osorik ordaintzen dela gaixoaldiaren lehen egunetik, motibazio falta eta kontziliazio arazoak. Horren harira, Cebekek beharrezko ikusten du gaixo agirien inguruko «aldaketa kultural bat», jarrera batzuek enpresan eta lankideengan duten eraginaz jabetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.