Arrauna

Donostiarrak ez du araurik hautsi, epaileak bere gain hartu baitu akatsa

Eusko Label ligako bost klubek aurkeztutako helegiteak aztertu baino lehen, ofizioz sartu da auzian Donostiako klubak egindako eskari bati erantzunez, eta aitortu du Iker Imaz arraunlariaren izendapenean berak egin zuela akatsa. Etxeko bihurtu du orain, behin-behinean, azken epaia eman arte.

Donostiarra igandeko estropadan. FOKU
Aitor Manterola Garate.
2022ko uztailaren 6a
14:10
Entzun

Traineruen Kluben Elkarteko lehiaketako epaileak eman du epaia behin-behinean, eta onartu du esan gabe, Donostiarrak ez duela araurik hautsi; akatsa berea izan zela, arraunlarien zerrendetan oker izendatu zuelako Iker Imaz: harrobikotzat hartu zuen, eta etxekoa da. Hemendik aurrera, etxeko izango da, non eta kluben batek edo batzuek ez duten helegiterik aurkezten eta epaileak horien alde egiten duen. Oraingoz, behintzat, Donostiarra lehen sailkatuak ez ditu galduko lehen bi egunetan batutako 23 puntuak, helegitea aurkeztu duten klubek eskatzen duten bezala.

Epai hau ez da bost klubek Donostiarraren aurka jarritako helegitearen ingurukoa. Ofizioz sartu da auzian, Donostiarrak berak beste klubek aurkeztutako helegitea baino lehen egin zion eskari baten harira. Donostiakoak jakinaren gainean zeuden helegitea aurkeztekotan zirela klub batzuk, eta epaileari jakinarazi zioten argitzeko Iker Imaz arraunlariaren izendapena zertan den. Astelehenean egin zuen galdera, 22:12ean. Helegitea 22:44ean iritsi zitzaion epaileari.

Bi eguneko epea eman die epaileak klubei helegiteak aurkeztu ditzaten. Beste hau ere badio: bost kluben helegiteak geroago aztertuko dituela. Gaur emandako epaiarekin, baina, ez du ematen bide luzea izango duenik helegite horrek.

Gertatzen dena gertatzen dela, estu hartu dute Eusko Label ligako bost klubek lehiaketaren buruan doan trainerua: Donostiarra. Lehen bi estropadetan araua haustea leporatzen diote, Bilbon eta Donostian, eta helegitea aurkeztu diote lehiaketako epaileari.

Imaz arraunlariaren egoera da auzia. Ligan, kirolari bakoitzak izendapen bat izaten du: etxekoa, kanpokoa edo harrobikoa. Imaz harrobiko gisa ageri da zerrenda ofizialetan, baina, helegitea aurkeztu duten kluben ustez, etxekoa da, eta hori berretsi du epaileak gaur. Eskifaia bakoitzak honela banatu behar ditu arraunlariak bakoitzaren izendapenaren arabera: zazpik etxeko izan behar dute, eta horietatik hiruk, harrobiko; edo, bestela, sei etxeko, eta horietatik hiru harrobiko, edo, beste kasu batean, bost etxeko eta bostak harrobiko. Bi estropada horietan, Donostiako taldeak aurreneko formula erabili zuen, Imaz barruan zela bi egunetan.

Epaileak Donostiakoen bi estropadak baliogabe jotzeko, ordea, araudiak dio 32. 4 artikuluan frogatu egin beharko litzatekeela «fede txarrez jokatu» zuela. Hala eginez gero, punturik gabe utziko luke. Oraingo 23 puntuak 0 bihurtuko lirateke. Donostiarrak garbi dauka ez duela zirkinik ere egin Imazen izendapenaren inguruan, epaileak onartu duen bezala. Aurreko sasoian zuen estreinakoa Eusko Label ligan, eta etxeko gisa izendatua izan zen. Aurten, ordea, arraunlarien zerrendak aztertzen dituztenek harrobikotzat jo dute, Donostiako klubak hala gertatzeko ezer egin gabe. Pertsona baten edo sistema informatikoaren huts bat izan dela esaten dute, eta epaileak aukera hori aipatzen du epaian.

Araudiak dio izendapen okerrarekin (harrobikoa da okerra kasu honetan) jokatutako estropadetan ez litzaiokeela zigorrik ipiniko. Oraingoz, bide hau zabaldu du epaileak behin-behineko epaiarekin.

Imazi dagokionez, klubean beti izan dituzte zalantzak izendapenaren inguruan. Klub berezia da Donostiarra, eta, adibidez, harrobikotzat hartzen dizkiote Ur Kirolak taldeko arraunlariak, baita Arraun Lagunak-eko batzuk ere. Gainera, egin izan ditu hitzarmenak inguruko beste klub batzuekin. Adibidez, Imazen jatorrizko klubarekin: Hernanirekin. Arraunlari horien izendapenaren inguruan beti egon da eztabaida, ezjakintasuna eta zalantza. Donostiarrara Hernanitik joan zen Imaz, hain zuzen. Gipuzkoako hiriburuko klubean lehendabiziko izendapena kanpotar izan zuen, KAE 2 ligan, eta, nola hiru urte jarraian egin zituen han bertan, laugarren urtean etxeko izendapena egokitu zitzaion.

Ligetan, arraunlarien zerrendak aurkezteko epeak daude, lehiaketako araudiaren 27. artikuluak zehazten duenez. Aurrenekoan, denboraldiaurreko zerrenda aurkeztu behar izaten diote Lehiaketako epaileari, otsailaren 20a baino lehen. Bigarrengoa, denboraldiko zerrenda deiturikoa, lehiaketa hasi baino hogei egun lehenago aurkeztu beharrekoa da. Aurtengo guztietan egon da Imaz harrobiko gisa, eta beste klubek ez dute inolako helegiterik jarri, horretarako aukera egon badagoenean. Justu liga nagusia hasi eta segituan jo dute bost klubek lehiaketako epailearengana: larunbateko estropadari lau klubek jarri diote helegitea, eta igandekoari, bat gehiagok.

Klub horiek garbi ikusten dute «fede txarrez jokatu» duela Donostiarrak, «bai baitzekien arraunlari hori ez dela harrobikoa, eta, jakin arren, izendapen horrekin lehiatzen jarri baitu».

Santurtzik ere helegitea, beste gai bategatik

Igandeko estropadaren harira, beste helegite bat ere egon da, Santurtzik jarria. Bizkaitarren ustez, helmugako azken denboretan ez zen zehatz ibili helmugako bideoaz arduratzen den gailua, eta uste dute kaltetuak izan zirela. Zierbenaren denbora bera emateko eskatu dute, eta puntu kopuru bera banatzeko biei. Zierbena bederatzigarren izan zen, eta Santurtzi hamargarren, lau hamarren eskasera. Santurtziarrek eskatu diote ligari emateko helmugako irudia, baina ezezkoa jaso dute. Igandean, gailu hori piztu eta itzali ibili zen, argia joan-etorrian zebilelako. Garbi utzi nahi dute ez daukatela ezer Zierbenaren aurka.

Ligako Estropada araudiaren 12.5 artikuluak dio nola jokatu behar den kasu hauetan. Horrelako gailuren bat ez badabil, epaileek eskumena dute eskuz hartutako denborak balekotzat jotzeko. Horixe da, hain zuzen, igandeko kasua. Traineru baten denbora bideoz neurtzeko gailu bat ez zebilen, eta epaileek eskuz hartu zituzten denborak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.