Ezkurdia 22-15 Laso

Ezkurdiak irabazi du San Fermin torneoko lau eta erdiko finala

Arbizuarrak lehendabizikoz jantzi du txapela, Lasori 22-15 irabazita, Labriten. Sakez eta horma-bikoz bikain aritu da.

Unai Laso eta Joseba Ezkurdia, gaur, San Fermin torneoko lau eta erdiko finala jokatu ostean, Labrite. JON URBE / FOKU
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 7a
14:28
Entzun

Sufrituta, baina Joseba Ezkurdiak merezita jantzi du San Fermin torneoko lau eta erdiko lehendabiziko txapela, Unai Lasori 22-15 nagusitu ostean; bor-borka egon da Iruñeko Labrit. Gisa horretara, Arbizuko pilotariak mendeku hartu dio Bizkarreta-Gerendiaingoari, Buruz Buruko finala galdu eta hilabete pasatxora. Ezkurdiak lau eta erdiko diziplinan eroso sentitzen dela berretsi du gaurko lehian ere, heldutasuna eta abiadura makulu izan dituela.

Hasiera-hasieratik dema oso gogorra izan dute bi pilotariek, eta pilotalekuko berotasunak are gehiago zaildu du partida. Lehen zatian oso berdinduta joan da finala. Batek jo eta besteak erantzun. Dena dela, launako berdinketaren ostean, Ezkurdiak beste erritmo bat ezarri dio neurketari, eta eroso aritu da kantxan, txokoan nahiz zabalean, markagailuan aldea zabaltzeraino: 8-4.

Arbizuarrak abiadura handiz ibili du pilota, Lasoren hanketara behin baino gehiagotan bidalita. Baikoko pilotaria, berriz, ezinean aritu da, behartuegi. Hain zuzen, sakez asmatzen ez zuenean, aukerak sortzeko arazoak izan ditu, eta horiei bikain atera die zukua Ezkurdiak. Modu horretara egin du hanka markagailuan, 12-6.

Etenaldi luzearen ostean, Laso suspertu egin da, eta lo harrapatu du Ezkurdia. Bizkarreta-Gerendiaingoak sakez min handia egin dio, eta errematean ere ikusgarri aritu da. Bost kintze segidan egin ditu, eta bete-betean sartu da partidan. Horrek hauspotu egin du nafarra. Bai hauspotu ere; zehazki, defentsa sendo bat egin ostean, aukera izan duenean ezker boleaz dotore bukatu du tantoa: 12-12.

Laso, aldageletara

Ezkurdiaren sua, baina, ez da guztiz itzali, eta une horretan hasi da Aspeko pilotariaren erauntsia. Bi tanto jarraian egin eta gero, ordea, Lasok eten egin behar izan du dema; ezker izterrean ziztada bat nozitu du, eta aldageletara joan da. Minutu batzuen ostean itzuli da kantxara, txalo artean. Halere, oinaze txiki hori lasta izan da Lasorentzat amaiera arte, etsi-etsian aritu baita.

Ezkurdia, berriz, bere lana zintzo eta serio egiten aritu da. Sakez eraginkor jokatu du, eta Laso alde batetik bestera mugitu du, sehaska baten antzera. Une batez Bizkarreta-Gerendiaingoa hiru tantora gerturatu bazaio ere (18-15), Arbizukoak ez du burua galdu, eta, biak sufritzen ibili diren arren, Ezkurdiak berak atera dio etekina sufrimendu horri. Laso salduta utzi du, eta garaipenak ez dio ihes egin.

Ezkurdia hirugarrenez aritu da San Fermin torneoko lau eta erdiko finalean, eta hirugarrenean erdietsi du txapela janztea. Partidaren ostean, nekatuta baina pozik mintzatu da: «Sufrituz gozatu dut. Bero handia izan dugu, eta huts asko egin ditugu. Torneo hau irabazi nahi nuen, eta lortu dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.